(argazkia: Ignacio Urrutia)

[Bideoa] Kukai taldeak ‘Erritu’ ikuskizuna taulatuko du Donostiako San Telmo Museoan

Erritu Kukai Dantza taldeak eta Sharon Fridman koreografoak sortutako ikuskizuna da. Emanaldiak Donostiako museoko elizan izango dira hilaren 9an 20:00etan, 10ean 20:00etan eta 12an 19:00etan hasita.

Kukai Dantza eta Sharon Fridman koreografo ospetsuaren arteko topaketa da Erritu. Lantaldeak azaldutakoaren arabera, “Erritu bizi-bidaia bat da, eta bizitzaren egoera desberdinak zeharkatzen ditu, naturari eta komunitateari dagokienez, banakako eta taldeko igarotze-errituen bidez. Jaiotzatik kaosera, bakardadearen basamortutik, topaketara, maitasunera eta, azkenik, heriotzara iristen diren egoerak”.

Kukairentzat “errituak zubi modukoak dira gure izate banakoaren eta esperientzia kolektibo erritualizatuaren arteko loturen zentzua aurkitzeko. Gure izate banakakoa iraganaz, orainaz, etorkizuneko promesez eta aukeraz zamaturik dago. Esperientzia kolektiboa, berriz, erreferentzia da beti, baina mugitzen eta aldatzen ari da aldi berean. Espiritualtasuna, samurtasuna eta norberaren erabakimena batzen dira bidaiarekin, zeina azkenean kolektiboa baita, baina kontzienteenen ibilbideek eragiten diotelarik”.

Erritu ikuskizunean dantza ulertzeko bi modu elkartzen dira. “Bi hizkuntzen arteko desberdintasuna aberastasuna eta erakargarritasuna dira”. Fridmanen lanak fisikotasun eta mugimendu-kalitate berri bat eskaintzen die Kukaiko dantzariei, contact delakoan oinarritutakoa, bere ohiko mugimenduen garbitasun eta bizitasunarekin modu aberatsean kontrastatzen eta osatzen duena.

Sarrerak salgai daude jada Donostiako San Telmo Museoko leihatilan eta Donostiako Turismo bulegoan. Museoak koronabirusaren aurrean hartu beharreko segurtasun neurriak hartuko ditu, eta publikoak maskara jarrita izan beharko du.

Zabaldu: