Kultur 2020 egitarauaren aurkezpena

Kultur Programa 36 herri eta interesgunetara helduko da 25. edizioan

Kultur 2020 uztailaren 18an hasiko da Irantzuko Monasterioan, Tubala Uxoa abesbatzaren emanaldiarekin, eta Korrontzi taldeak amaiera emango dio irailaren 13an, Garesen.

Kultura Zuzendaritza Nagusiak antolatzen duen Nafarroako Kultur programaren 25. edizioa izango da aurtengoa. Ostegun, ostiral, larunbat eta igandeetan izango dira musika, arte eta dantza emanaldi guztiak, uztailaren 18tik irailaren 13ra bitartean, 36 herri eta interesgunetan. Larunbatetan, gainera, eskualdean eginiko turismo-jarduera batek osatuko du kultur proposamena.

Emanaldiak Altsasun, Agoitzen, Arguedasen, Artaxoan, Beran, Corellan, Donamarian, Etxarri Aranatzen, Elizondon, Lizarran, Fiteron, Garraldan, Izaban, Leitzan, Lekunberrin, Lizason, Lodosan, Los Arcosen, Martzillan, Mendigorrian, La Olivako Monasterioan, Irantzuko Monasterioan, Leireko Monasterioan, Otsagabian, Orreagan, Garesen, Ribaforadan, Erronkarin, San Adrianen, Zangozan, Tafallan, Tuteran, Uxuen, Vianan eta Zugarramurdin izango dira. Gainera, Bertizko Jaurerriko Jauregian, Pedro Salaberriren Bideak margo erakusketa ikusgai egongo da, uztailaren 18tik abuztuaren 30era bitartean.

Rebeca Esnaola Kultura eta Kirol kontseilariak adierazi duenez, Kultur programak aukera ematen du “kultur eskaintza erakargarri batez gozatzeko, aldi berean babesa ematen diona artearen sektoreari eta lurraldean musika, dantza eta arte bisualak hedatzera bideratua”. Aurten hainbat aldaketa egin dira derrigorrezko osasun-neurriengatik, “baina beti izan da programa bizia, denboraz eraldatu egin dena, lurraldearekin batera lan egiteko oinarriari eutsirik betiere”, azpimarratu du.

25. edizioa

Programa honen helburuak dira “Nafarroako lurraldean kalitatezko eta askotariko eskaintza artistikoa sustatzea eta zabaltzea; tokiko erakundeekin elkarlanean artea eta kultura hedatzea; arte-sektorearen ezagutza bultzatzea eta erraztea; eta behar bezala baloratzea ondare historiko, artistiko eta naturala, musika, dantza eta arte plastikoetako jarduerak programatuz”.

Kultur 2020 uztailaren 18an hasiko da Tubala Uxoa abesbatzaren eskutik, Irantzuko Monasterioan eta Korrontziren kontzertuak emango dio amaiera irailaren 13an, Garesen.

Aurten, COVID-19a dela eta, segurtasun- eta osasun-neurriak hartuko dira udalekin elkarlanean, osasun-agintariek ezarririko araudia betetzeko. Tokiko entitateek kontrolerako osasun-neurriak errespetatuko dituzte emanaldiak egingo diren azpiegituretan.

Egitaraua ikusteko hemen.

Zabaldu: