Urriaren 26an jarri dute hitzordua. Urriaren 21era arte egongo da matrikula egiteko epea zabalik UEUren webgunean.
Sormenea Hezi Kulturan Bizi. Euskarazko kulturgintzaren transmisioa eta hedabideak jardunaldien helburua euskarazko kulturgintzaren transmisioa bere osotasunean aztertu eta kulturgintzaren ekosistema osatzen duten eragile guztiekin elkarlanean transmisioa bermatuko duten neurri eraginkorrak proposatu eta adostea da.
Kultur Sorkuntzaren Transmisioa taldearen esanetan, “abiapuntua argia da, euskarazko kulturgintzaren transmisioa ez dago bermatuta ez hezkuntza arautuan, ez hezkuntza ez arautuan (aisialdia barne), ez hedabideetan, ez ingurune digitalean ezta etxe giroan ere. Transmisioan eragile diren eremu guztiak aztertzea delarik gure xedea, 2019ko lehen jardunaldietan, euskarazko kulturgintzaren transmisioa eta hezkuntza arautua izan genituen aztergai”.
2021eko bigarren jardunaldietan, hezkuntza araututik kanpo euskarazko kulturgintza transmititzeko eraz hausnartu zuten.
Hezkuntza arautuan zein ez-arautuan euskarazko kulturgintzaren transmisioak dituen gabeziak ezagutu ostean. Orain, hedabideetakoak aztertu nahi dituzte. Horretarako antolatu dute hirugarren jardunaldi hau. “Euskarazko kulturgintzaren transmisioa eta hedabideak urriaren 26an egingo ditugu Azpeitian eta Gipuzkoako Foru Aldundia eta Azpeitiko udala izango ditugu babesle eta laguntzaile”.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria den Mari Jose Telleriak azpimarratu duenez, “Euskarazko kulturaren transmisioa gizarte osoa inplikatzen duen erantzukizun kolektiboa da. Jardunaldi hauek euskararen erabilera eta ikusarazteko bultzatuko duten neurri zehatzak hausnartzeko, adosteko eta proposatzeko aukera ematen digute, batez ere ingurune mediatiko globalizatuago batean. Kultura-eragileekin lankidetzan, ziurtatu behar dugu gure hizkuntzak leku nabarmena izango duela bai komunikabide tradizionaletan, bai formatu digital berrietan”.
Telleriak berretsi duenez, “ekimenaren helburua kultur transmisioa bermatuko duten irtenbide eraginkorrak aurkitzea da. Ezin dugu ziurtzat jo euskararen transmisioa bermatuta dagoela. Fronte guztiak aztertu eta elkarrekin lan egin behar dugu gure komunitateen egunerokotasunean haien presentzia indartzeko”.
Aitor Larrañaga Azpeitiko Udaleko Euskara eta Kultura batzordeburuaren hitzetan, jardunaldi hauek “aukera paregabea” izango dira euskal kulturaren transmisioan hedabideek duten funtsezko eginkizunari buruz hausnartzeko. “Azpeitian zortekoak garela esan daiteke, kultur mugimendu indartsua dugulako eta erreferentzialtasun handiko euskarazko tokiko hedabideak ere bai. Azpeitiko Udalak lankidetzaren alde egin du bi arlo horietan, eta aurrerantzean ere elkarlan hori sustatzen jarraitzeko konpromiso irmoa du”.
Egitaraua eta matrikula egiteko, hemen.