Kultura digitala oinarri Durangoko Azokaren 4. Sormen Bekan

Irailaren 21era arte egongo da proposamenak aurkezteko epea zabalik. Aurtengo Durangoko Azokaren baitan ezagutzera emango dute irabazlea.

Euskarazko sorkuntza sustatzeko eta sortzaile berriei bidea erraztuz euren lana ezagutzera emateko asmoz, Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak martxan jarri dute laugarren urtez Sormen Beka Da.

Laugarren edizio honetan praktika edota espresio artistiko baten oinarritutako lan digitala sarituko da, baina fisikotasunarekin uztartu ahal izango da. “Beka honek bi urrats ditu: sorkuntza lana bera eta sorkuntzaren emaitza plazaratzea (edizioa, produkzioa, zabalkundea …)”, zehaztu du antolakuntzak. “Hasi eta amaitu arteko  prozesu guztirako laguntza izango da bekako diru-ordaina”.

Azaldu dutenez, “hitzak barne dituen sormen lana bada, euskara hutsezkoa izan beharko da. 18 urtetik gorako sortzaile berriei zuzendutako beka izango da eta lan bakarra izan dezakete kaleratua. Bertan, banaka zein taldeka parte hartu ahal izango da. Aurkezten dena jatorrizko sormen lana izan beharko da. Ez dira bertsioak onartuko eta sorkuntza lana bera eta emaitza nola plazaratuko den jaso beharko dira aurkezten den proposamenean”.

Bekaren saria 15.000 eurokoa izango da proiektua aurrera atera ahal izateko.

Proiektuaren kalitatea, gaitasun berritzailea eta originaltasuna, proiektuaren hedatze ahalmena eta aurrez aurreko proiektuaren defentsa izango dira irabazlea aukeratzeko kontutan hartuko diren irizpideak.

Irailaren 21era arte egongo da proposamenak aurkezteko epea zabalik eta epaimahaiak aurkeztutako lanen artean lauzpabost aukeratuko ditu. Hauek proiektuaren defentsa egin beharko dute epaimahaiaren aurrean. Lehen aukeraketaren ebazpena telefonoz egingo da. Lan irabazlearen berri 56. Durangoko Azokaren egitarauaren barruan emango da. Urtebeteko epea izango du irabazleak lana burutu eta 2022ko Durangoko Azokan (57. DA) aurkezteko.

Informazio guztia, hemen.

Zabaldu: