(argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia)

Kultura Eskola programaren deialdia ireki da 2021-2022 ikasturterako, Gipuzkoan

Egitasmoak 12 eta 16 urte bitarteko gazteen interes sortzailea garatzea, kultura ohiturak sortzea, Gipuzkoako kultura sarea sendotzea, eta kulturarako sarbide unibertsala sustatzea ditu helburu.

Etorkizuna Eraikiz programaren proiektu esperimentaletako bat da gaur aurkeztutako Kultura Eskola. Gipuzkoako Aldundiak abiatutako ekimen hau Bigarren Hezkuntzako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako ikastetxeei zuzenduta dago  (12-16 urte), eta lau helburu nagusi ditu: “gazteen interes sortzailea garatzea, kultura ohiturak sortzea, Gipuzkoako kultura sarea sendotzea, eta kulturarako sarbide unibertsala sustatzea”.

Pandemia izan arren, martxoan egindako lehen deialdian lurraldeko 16 ikastetxek parte hartu zuten.  Deialdi horretan, 87 proposamen artistiko eta kultural zituen katalogoa eskaini zitzaien. Hala, zentro horietan hainbat jarduera egin dira: dantza, antzerkia, ikus-entzunezko ekimenak, musika, zirkua eta kultur ondareari lotutakoak, besteak beste.

Hastear dagoen ikasturte berriari begira, beste deialdi bat ireki da, ikastetxeek Kultura Eskola programan parte har dezaten eta gehien interesatzen zaizkien proposamen artistikoak eta kulturalak hauta ditzaten. Ikastetxeek irailaren 20ra arte izango dute izena emateko epea zabalik.

Iker Lauroba musikariak azpimarratu duenez, “oso lanketa baliagarria da ikasleei bertatik bertara azaltzeko gure eginkizuna zein den. Nire kasuan, beraien parte-hartzearekin, musika egitea eskura dutela azaldu nahi diet. Normalean, behin  amaituta entzuten ditugu abestiak, baina bidean ematen diren pausuak azalduta, prozesua gertukoago sentitzen dute eta zerbait egingarria bezala ulertzen dute musika”.

Azken hilabeteetan katalogoaren berrikuspena egin da eta proposamen berriak sartu dira; beraz, une honetan 120 proposamen inguru ditu guztira. Katalogoa online kontsulta daiteke Aldundiaren webgunean.

Eskaerak aurkezteko modua

Ikastetxeek Aldundiaren egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dute programan izena emateko eskaera, diru-laguntzen atarian sartuta.

Informazio gehiago, hemen.

Zabaldu: