Kultura jasotzeko eskubidea bermatzea eskatu diote Eusko Jaurlaritzari

Sustatzaileek adierazpen hau Eusko Jaurlaritzak emandako pausuaren harira sortu dela nabarmendu dute, baina gogoeta eta eskaera berdin-berdin Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko erakundeentzat baliagarria dela adierazi nahi izan dute.

Kulturgileak gara plataformak adierazpen bateratu bat argitaratu du Eusko Jaurlaritzaren azken erabakien gainean kezka eta desadostasuna adierazteko. “Gogoeta hau sinatzen dugunok kulturgileak gara, tailerretako gidariak, diziplina ezberdinetako sortzaileak, kultur eragileak, aretoetako langileak, kultur elkarteetako kideak, ikusleak, ikasleak… Kulturgileak gara, ez epaileak, ez poliziak, ez zigortzaileak”, diote zabaldu duten adierazpenean.

“Hasteko eta behin, kultur jardunetik mintzo bagara ere, jakin badakigu jendartearen beste eremuetan eztabaida bera ematen ari dela, ez dagokiola soilik kultur arloari. Bestetik, eztabaida hau txertaketaren beraren inguruko polemikatik haratago doala iruditzen zaigu, eta hori agertzera gatoz plazara”, azaldu dute.

Diotenez, “arau berria ezarri denetik kezka sakona eragin digu abiadura bizian zabaltzen ari den jendarte hausturak eta kaleko giro-txartzeak. Horrekin batera, bereziki larria iruditzen zaigu kultur ekimenetan herritarrek beste herritarren gainean kontrola ezarri behar izatea. Kultur balioen alde lan egiten dugu, komunitatea sendotzearen eta saretzearen alde, ezberdinen arteko elkar-ezagutzaren eta komunikazioaren alde; zentzu horretan, arau berri honek balio horiekin zuzenean talka egiten duela iruditzen zaigu, haustura eragiten duela eta jende bati kultura jasotzeko eskubidea murriztu egiten diola. Kultura segurua dela aldarrikatu dugu pandemiak ekarri duen egoeraren lehen egunetik, horregatik beragatik, ulertezina zaigu hartu den erabaki hau”.

Eusko Jaurlaritzari erakunde publiko gisa herritarrek kultura jasotzeko eskubidea bermatzea eskatzen diote. “Eusko Jaurlaritzari, erakunde publikoa izanik, pandemiak dakarren egoera konplexuari elkarrizketa sozialaren bidetik aurre egitea eskatzen diogu, eta ez ezinegon sozialaren bidetik. Hala ez balitz ere, gutxienekoa iruditzen zaigu ezarritako legeak betearazi nahi izanez gero erakundeak berak bere baliabideak jartzea horretarako, herritarren arteko konfrontazioa ekidinez”.

Sustatzaileek adierazpen hau Eusko Jaurlaritzak emandako pausuaren harira sortu dela nabarmendu dute, baina gogoeta eta eskaera berdin-berdin Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko erakundeentzat baliagarria dela adierazi nahi izan dute.

Manifestua sinatu dutenen artean daude: Uxue Alberdi idazle eta bertsolaria, Oier Guillan antzerkigile eta idazlea, Gotzon Barandiaran idazlea, Klara Badiola aktorea, Idoia Beratarbide artista, Erika Olaizola aktorea edota Amancay Gaztañaga antzerkigile eta musikaria, besteak beste.

Zabaldu: