Dantzaz konpainiaren 'Menu' ikuskizun ibiltaria

Kultura Plazara! programa bueltan da Gasteizera Uztailean eta abuztuan

Orotara hamahiru emanaldi biltzen ditu egitarauak, denak doakoak Gasteizko plaza eta gizarte etxeetan.

Gasteizko Udalaren Kultura Zerbitzuak uztaileko eta abuztuko arratsaldeetarako Kultura Plazara! programa aurkeztu du. Hala, gasteiztarrek dantzaz, txotxongiloez, zirkuaz, antzerkiaz eta musikaz, besteak beste, gozatu ahal izango dute uztailaren 4tik abuztuaren 31ra bitartean.

Orotara hamahiru emanaldi biltzen ditu egitarauak, denak doakoak Gasteizko plaza eta gizarte etxeetan, bertako, Madrilgo, Aragoiko eta Kataluniako artista eta konpainien eskutik.

Programari hasiera emateko, Dantzaz konpainiak Menu dantza-ikuskizun ibiltaria eskainiko du. Hamar dantzari izango dira protagonistak eta oso proposamen koloretsua eskainiko dute. Uztailaren 4an izango da, 19:30ean, Santa Maria plazatik abiatuta. Ondoren, erdigune historikoko eta hiriko erdiguneko hainbat plaza zeharkatuko dituzte, ibilbidea Andre Maria Zuriaren plazan amaituz. Han, bukaera deigarria eskainiko dute.

Horren ostean, Xa! Teatre iritsiko da eta The Audition aurkeztuko du. Zirkua eta clown ikuskizuna bateratzen dituen proposamena izango da eta uztailaren 6an, 19:30ean, eskainiko da Ibaiondo gizarte-etxeko plazan. Uztailaren 11n, berriz, Zabalgana gizarte-etxeko plazan Kokito eta India emango dute Aitor Vinagretek eta Aurora Brizek zuzeneko musika eta keinuen antzerkia uztartuz. Hori ere 19:30ean izango da.

Uztailaren 13an, dibertsioa iritsiko da Hegoalde gizarte-etxera Estefania de Plazekin eta antzerkia eta zirkua bateratuko dituen Argako erregina ikuskizunarekin. Arratsaldeko 19:30ean izango da. Bestalde, Abetxukoko kiroldegiko plazan izango da Mireia Miracle Company clown eta dantza bateratuko dituen Sueña ikuskizunarekin, uztailaren 18an, 19:30ean.

Uztailari agur esateko, antzerkiko eta zirkuko bi proposamen iritsiko dira. Hilaren 20an, Judimendi gizarte-etxeko plazan Ameztu Antzerkiaren Ipurbeltz eskainiko dute, eta Salburua gizarte-etxearen kanpoaldean, aldiz, Zirika Zirkusen Aurkitu gabeko altxorra. Biak 19:30ean izango dira.

Abuztuan, Kultura Plazara! bi kontzerturekin itzuliko da: Infragantik zuzenekoa eskainiko du abuztuaren 17an Arriagako parkeko anfiteatroan eta hilaren 20an, aldiz, Ben Panterak Santa Maria plazan. Biak 20:00etan izango dira.

DAB Konpainiak Nun zira? dantza garaikidearen proposamena aurkeztuko du eta Easo Abesbatzak hartuko du parte. Abuztuaren 24an izango da, 10:00etan, Judimendiko parkean.

Bestalde, abuztuaren 27an, eta ordu berean, Hegoalde gizarte-etxean Trapu Zaharraren Por hacer un favor antzerki-emanaldia eskainiko dute.

Kultura Plazara! 2023 programa amaitzeko, aparteko bi ikuskizun iritsiko dira. Titiriteros de Binefar-ek Cómicos de la legua lana eskainiko du abuztuaren 29an Ibaiondo gizarte etxeko kanpoko lorategian, eta Zirko Txoskok antzerkia eta zirkua bateratzen dituen Oh-Pera abuztuaren 31n, Iparralde gizarte-etxeko plazan. Biak 19:30ean izango dira.

Zabaldu: