Zikloa larunbat honetan abiatuko da Bisai taldearen kontzertuarekin.
Nafarroako artista eta musika-talde hasiberriak sustatzeko, Kuxkuxean zikloaren lehen kontzertua egingo da larunbatean, Iruñean. Udalak adierazi duenez, “musika-lanak aurkezteko gune bat izateaz gain, ikus-entzuleek soinu berriak ezagutzeko aukera dute”. Iaz sortutako zikloaren bigarren edizioaren barruan, 2025eko urritik 2026ko otsailera bitartean hamar kontzertu eskainiko dira Zentraleko 2. aretoan eta Atarrabiako Totem-eko areto nagusian.
Urrian zehar, bost hitzordu izango dira: larunbatean, hilak 4, Bisai taldearen txanda izango da; 10ean, Pingo Potens taldeak Zentralen joko du; 11n, Edu Zardoyak Totem aretoan eta Fria Janek Zentralen, eta 25ean, Hartzak Zeruan bikotearen txanda Zentralen.
Azaroan, berriz, 8an, The Blackening taldea igoko da Totem-eko agertokira; 14an, Gorputzaren Argiak Zentralekora, eta 15ean, Lamina Romak, Totemekora berriz.
Kuxkuxean zikloa 2026an bukatuko da Zentraleko 2. aretoan antolatu diren bi proposamen hauekin: Jumelage urtarrilaren 24an eta Ajou! otsailaren 14an.
Navarra Music Commissionek bultzatutako deialdi baten bidez hautatu dira Kuxkuxean zikloko artista eta talde parte-hartzaileak, eta guztira 125 proposamen jaso dira: 61 Totem aretoan jotzeko, eta 64, Zentralen. Musika-bulegoak eta Iruñeko Udalak osatutako epaimahai batek hautatu ditu hamar finalistak. Taldeak eta artistak hautatzeko irizpide hauek hartu dituzte aintzat: abestiak duela gutxi argitaratu izana, gutxienez 60 minutuko errepertorioa izatea, eta bereziki garrantzia eman diote euskarazko eta emakumeak buru dituzten musika-proposamenei.