(argazkia: BFA)

La Encartadak industriaren historiari so egiteko aukera eskainiko du Gerardo D´Abrairaren atzera begirakoarekin

Hogei marrazki baino gehiago biltzen ditu erakusketak, eta uztailaren 7ra arte bisitatu ahal izango da.

Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoak ateak irekiko dizkio industriaren iraganari begirada paregabea eskaintzen dion erakusketa bati, Gerardo D´Abraira marrazkilari bilbotar ospetsuaren obra ezezagunaren bitartez.

Artista bilbotarrak 1940ko eta 1950eko hamarkadetan irudikatu zuen Euskal Herriaren indar industriala, tintaz eta akuarelaz egindako airetiko ikuspegiak baliatuz, betiere paperezko euskarri handietan. “Dokumentalista zorrotza zen D´Abraira, eta, fabrika-instalazioen funtsa atzemateaz gain, mailarik goreneko profesionala zela erakutsi zuen, agerian uzten dutenez haren teknikaren zehaztasunak eta lerroaren, kolorearen eta xehetasunen tratamenduaren sotiltasunak erabiltzeko eraginkortasunak”, azaldu dute antolatzaileek.

Erakusketak hogei marrazki baino gehiago biltzen ditu, enpresen airetiko ikuspegiak jasotzen dituztenak: batzuk euskal enpresenak dira (Bizkaiko Labe Garaiak, La Conchita, Sarralde, J. J. Krug, Safesa, Unceta eta Productos Vulcanizados), eta beste batzuk, berriz, kanpokoak (Fabril Sedera (Burgos), Metalurgica del Tormes (Salamanca), Lino Enguidano (Valentzia) eta Bertrand i Serra (Manresa). Adierazi dutenez, “harridura eragiten duten obrak dira, bai tamaina handikoak direlako eta bai zehaztasun handiko teknikaz eginak direlako, argazkiak balira bezain xeheki agertzen dira-eta haietan eraikinak”.

Lau esparrutan egituratu da erakusketa, D´Abrariaren ibilbide nabarmena deskribatzeko. Lehenengo esparruan, bere marrazkietarako nahi zituen paper neurri zehatzak nabarmentzen dira, neurrion aukeraketan eragina baitzeukaten, batetik, lanak enkargatzen zizkioten enpresek berek eta, bestetik, tamainak eta kolorea sartzeak berekin dakarten kostua. Bigarren eremuak artistaren hedapen geografikoa aztertzen du, hasi Bizkaiko enpresentzat egin zituen lehen lanetatik eta beste lurralde batzuetatik handituz joan zitzaion eskaeraraino, askotariko lanak barnean harturik, izan airetiko ikuspegiak nahiz eskaera zehatzagoak.

Hirugarren eremuan, haren lanak Euskal Herritik kanpo jaso zuen errekonozimendua izango du ardatz, eta, zehazki, Burgosen, Salamancan, Alacanten eta Bartzelonan izan zuen balioespena. Bereziki azpimarratzen da kanpoko enpresek arreta handiagoz kontserbatu zituztela haren obrak. Azkenik, laugarren eremuak bilbotarraren obren hedapena eta galera jorratzen ditu, nabarmenduz enpresek zenbat argazki-erreprodukzio zabaldu zituzten eta nola gertatu zen jatorrizkoetariko batzuk galtzea. Oro har, lau eremu horiek ikuspegi osoa eskaintzen dute D´Abrairaren lanak teknikari, geografiari eta zabalkundeari loturiko hainbat alderditan izan duen eraginaren eta bilakaeraren berri jakiteko.

Zabaldu: