(argazkia: EZAE)

‘La trinchera infinita’ filmak jaso du VI. EZAE Saria

Filmaren ordezkari gisa izan dira ekitaldian Joxe Mari Goenaga, Jon Garaño eta Aitor Arregi sortzaileak. Goenagak jakinarazi du ilusio bereziki handia egiten diela saria “hain zaila” den urte honetan jasotzeak.

La trinchera infinita filmak jaso du, Donostia Zinemaldiaren baitan, VI. EZAE Saria. Ikus-entzunezko sektoreak bizi duen egoera zailaren harira, zinema-aretoen eginkizuna aldarrikapen bilakatu dute ekitaldian eta “filmez gozatzeko leku aproposena” direla nabarmendu dute.

Jose Luis Rebordinosek bestalde, euskal zinemak bizi duen momentu ona azpimarratu du ekitaldian, nazioartean gero eta oihartzun eta arrakasta handiagoa izaten ari baitira bertako ekoizpenak. Gainera, aretoak defendatze aldera sortutako EZAE elkartea “eredugarria” dela adierazi du, eta zinemak leku “seguruenetarikoak” direla erantsi du. Film irabazlearen lantaldea zoriondu eta dagoeneko “familiakoak” direla aitortu du barre artean, azken urteetan jaso duten sari zaparradaren harira.

La trinchera infinita filmaren ordezkari gisa izan dira ekitaldian Joxe Mari Goenaga, Jon Garaño eta Aitor Arregi sortzaileak. Goenagak jakinarazi du ilusio bereziki handia egiten diela saria “hain zaila” den urte honetan jasotzeak. “Sortzaile nahiz ikusle gisa uste dugu zine-aretoak direla zinemaren esperientziaz % 100ean gozatzeko lekua”. Zentzu horretan, aipatu du euren azken filma aretoetan ikusi eta, batez ere, entzuteko egina dagoela. “Plataformek ezin dute zine-aretoen esperientziarekin lehiatu: Pelikulez iluntasunean eta baliabide tekniko onenekin gozatzea. Zinema sozializatzea ere bada”, adierazi du.

Lehenengo EZAE sariak Loreak filmaren ibilbidea aintzatetsi zuen 2015eko Zinemaldian. 2016. urtean, berriz, Amama pelikula izan zen saritua; 2017an, Juanba Berasategi zinemagileak hil osteko omenaldia jaso zuen; 2018an, Handia filmari egokitu zitzaion saria, eta, iaz, Dantza izan zen irabazle.

Zabaldu: