Corrido tumbadoen lehen euskal taldea da La Txama.
Pello Armendariz (Skakeitan, Marte Lasarte), Aitor Valcarlos (Skakeitan), Tuli Bachatuli (Chill Mafia), Peye Honey rap abeslaria eta Afu tronboi jotzailea dira La Txama osatzen duten musikariak. Donostian sortutako talde berri honek martxoan plazaratu zuen bere lehen kanta Musa 13 izenpean. Horretan, Chill Mafiako Kiliki frexkoren laguntza izan zuten eta lortutako arrakastaren ondoren bigarren aurrerapen kantarekin itzuli dira oraingoan: Guadalupe. “Lezo Urreztieta Rekalderi omenaldia egiten dion Euskorridoa” dela diote. Izan ere, Mexikoko corrido tumbadoen lehen euskal taldea dugu La Txama. Abesti berrian, kuraiaren esentzia eta erresistentzia antifaxistaren borroka atzematen dute, pieza hau euren legatuaren tributu gisa erabiliz.
Armendarizek idatzi du letra Lezo Urrestieta itsasgizon eta kontrabandistaren omenez. 1936ko gerran kontrabandista bat zen, eta espetxeratu nahi zuten jendea Frantziara eramaten zuen txalupa batean. “Askatasunaren aldeko erresistentziaren eta borrokaren espiritua gorpuzten duen ereserki berria da. Gure modua da bere oroimena eta borroka ohoratzeko”, adierazi du taldeak.
Gainera, askatasunaren eta justiziaren alde borroka egin dutenak oroimenaren bidez gogoratzearen eta ohoratzearen garrantziari buruzko elkarrizketa sustatzeko eta hezteko balio izatea ere espero dute donostiarrek.
Udan igoko dira oholtza gainera eta abenduko Durangoko Azokari begira diskoa kaleratzea aurreikusten dute.