‘Labana eta Orbana’ arte grafikoen esperimentazio tailerra aurkeztu du Azpeitiko Dinamoak

Tailerra Alaitz Alberdik eta Joseba Agirrezabalagak eskainiko dute eta irailaren 22tik urriaren 31ra arte luzatuko da.

Azpeitiko Dinamoak antolatu duen ‘Labana eta Orbana’ arte grafikoen esperimentazio tailerrean izena emateko epea zabalik da jada. Alaitz Alberdik eta Joseba Agirrezabalagak emango dute ikastaroa. Hala, serigrafia, linografia eta beste arte grafiko batzuk aztertu, ikasi eta probatzeko aukera izango dute parte hartzaileek, betiere teknika menderatzea baino, irudiak sortzeko prozesuaz kontzientzia hartzeko xedearekin.

Antolatzaileen arabera, “paradoxa badirudi ere, gaur inoiz baino beharrezkoagoa (eta zailagoa) da irudi bat sortzea, eta zer esanik ez iruditeria bat sortzea. Garai eta leku bateko jendeari zer edo zer esango diguten irudiak sortzea da zaila, eta horregatik beharrezkoa. Irudiaren gainean hausnartzea ezinbesteko bihurtu zaigun bezala”. Hala, “irudia tresna potentea” dela diote, “izugarri indartsua, eta irudiaren ahalaz gogoeta egitea tokatzen zaigu, baina baita irudiaren azalaz ere: nola egiten da irudi bat, nola eraikitzen, nola irakurtzen, zer ikusten dugu hor… Eta nola jartzen dira irudiak zirkulazioan, non galtzen dira, non pausatzen, non eusten diote denboraren joanari, nora joaten dira inork ikusten ez dituenean…

Irudi batekin erakutsi egin dezakegu, iradoki egin dezakegu, baina baita ezkutatu ere. Irudi batekin kontatu egin dezakegu, eta irudi sorta batekin zer esanik ez. Zer kontatzen dugu irudiekin? Nola kontatzen dugu irudiekin?”

Galdera hauei guztiei erantzuna ematen saiatuko dira tailer honetan ere, “eginez, probatuz, teknika menderatu beharreko zerbait bezala hartu beharrean, mugak esperimentaziorako akuilu hartuta, eta akatsa bidelagun, prozesua motelduz eta urrats bakoitzaren jakitun izanda”.

 

Tailerrari buruzko informazio guztia hemen.

Zabaldu: