Zazpigarren edizioak, besteak beste, “garaikidea landuz tradizioetan, sustraietan eta folklorean oinarritzen diren ekoizpenetan jarriko du arreta.
Dantza, antzerkia eta zirkua uztartuko ditu aurten ere Donostiako Tabakaleran eta Gazteszenan egingo den Labo XL jaialdiak. Azaroaren 13tik 16ra bitartean izango da, eta gorputza eta mugimendua sorkuntzaren ardatz nagusi gisa erabiltzen dituzten arte-adierazpen guztiek hurbileko espazioa izatea da ekimenaren helburua. Hala, artistek, kultur eragileek, erakundeek eta publikoak bat egingo dute topagune ireki honetan. Zazpigarren edizioak, besteak beste, “garaikidea landuz tradizioetan, sustraietan eta folklorean oinarritzen diren ekoizpenetan jarriko du arreta. Euskal Herriko eta nazioarteko ekoizpenak izango dira, gure gizartean gaur egun gertatzen denaren isla fidela; etxeratzea, bertakora, zaintzara, hurbiltasunera. Nor garen jakitea”, adierazi dute antolatzaileek.
Karteleko protagonista
Aurten karteleko protagonista, eta, beraz, jaialdia irekiko duen artista Komorebi Produkzioak-eko Garazi Egiguren izango da. Artista tolosarrak sorkuntzarako laguntza zuzena jaso zuen EKI programaren bidez. Komorebi konpainiak, Mauriziakezdauinorhil Ines Osinagarekin batera, Ni ez ginen, baina Gu ere banaiz estreinatuko du, EKI egoitzan egindako lanaren emaitza gisa.
Proposamen eszenikoak
Programa bertako eta nazioarteko artisten proposamenek osatzen dute, emakume sortzaileei eta euskarazko proposamenei lekua eta ahotsa emanez. Artista gazte eta beteranoen obra eszenikoetan zentratzen da, bereziki dantza, antzerki eta zirkuko dramaturgia berrietan. Familia osoarentzako piezetatik helduagoetara, arte eszenikoak publiko posible guztietara eramatea da helburua. Edizio honetan 23 konpainia izango dira, 21 ikuskizunekin (sei erabateko estreinaldi, eta zortzi estreinaldi Euskal Herrian), sortze-prozesuen hiru erakusketarekin eta lau jardunaldi profesionalekin.
Programa iturri desberdinez hornitzen da. Maiatzean ireki zen deialdi publikoa, eta horren ebazpenaren zati bat jaialdiaren programaziotik elikatzen da. Euskal Herriko eta nazioarteko 300 eskaera baino gehiago jaso dira.