Guztira bederatzi film labur proietatuko dira arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Jarduerara hamar minutu lehenago etortzea gomendatzen dute antolatzaileek.
Laburbira zikloaren XVII. ediziora 27 lan aurkeztu badira ere, orotara bederatzi lan ikusteko aukera egongo da ordubete inguruko proiekzio batean. Hala, egitasmoak 33 herri bisitatzen ari da, Euskal Herria iparraldetik hegoaldera eta mugetatik haratago ere egiten ari da jauzia, Valladolid, Valentzia, Londres eta Paris bisitatuko baititu.
Gasteizen azaroaren 18an, asteazkena, egingo duen geldialdian, GEU elkartea, Gasteizko Euskaltegiak eta Oihaneder Euskararen Etxea izango ditu emanaldiaren arduradun eta antolatzaile.
Euskaltzaleen Topaguneak helburu nagusi birekin antolatzen du Laburbira zirkuitu ibiltaria: “euskarazko sortzaileen lana ezagutaraztea, euskaraz ekoizten jarraitu dezaten aukera zabalduz eta ikusleei geurean sortutako perla hauez gozaraztea da”.
Hauek dira proiektatuko dituzten film laburrak:
Gau Beltza (Euskaltzaleen Topagunea)
Urak dakarrena (Marilin taldea)
Anti (Josu Martinez)
Tigre bat (Amaia San Sebastian)
Pil Pil (Kristina Zorita)
Mamarro (Ibon Iza Totorika)
Kateak (Yolanda Mazkiaran)
Jauzi bat eta Prixt (Maitane Eyheramonho)
Harria Herria (Dimegaz Kultur Elkartea)
Jarduera hau doakoa izango da, baina edukiera mugatua izango denez, gonbidapenak aldez aurretik eskuratu beharko dira Oihanederren webgunean. Jarduerara hamar minutu lehenago etortzea gomendatzen dute antolatzaileek.