Arabako irakurketa feministako klubek urteroko topaketa egingo dute larunbatean, Kexaan

Topaketan 150 emakume inguruk eman dute izena eta gonbidatutako idazlea Karmele Jaio izango da. Idazleak Aitaren etxea liburuaz hitz egingo du.

Laia Arabako ahalduntze feministarako eskolak lurraldeko kuadrillek antolatutako irakurketa feministako klubek urteroko topaketa egingo dute larunbatean, Kexaan. Hitzordu horrekin literaturaren bidez ahalduntze kolektiboa sustatzen duten irakurketa kluben 2022-2023 ikasturtea amaituko da.

Ikasturte honetan hamabi klub egon dira martxan. La hora violeta izenburupean, Añana, Aiara, Gorbeialdea, Arabako Lautada, Mendialdea eta Arabako Errioxako kuadrilletan eta Trebiñun; euskaraz, berriz, Aiara, Lautada, Errioxa, Mendialdea eta Gorbeialdeko klubetan.

Hilean 160 emakume baino gehiago elkartu egiten dira literatura tradizio feministari buruz hausnartzeko, partekatzeko, ikasteko eta hitz egiteko. Jarduera hori emakumeen ahalduntzerako eta hazkunde pertsonalerako gunea ere bada. Laiako klubak txandakakoak dira, eta kuadrilletako hainbat herritan egiten dira, parte-hartzaileek ikasturte hasieran aukeratuta. Liburuak Euskadiko Liburutegi Sareak entregatzen dizkie maileguan parte hartzaileei.

Ainhoa Campo Arabako Foru Aldundiko Berdintasunaren eta Giza Eskubideen zuzendariaren ustez, “irakurketa feministako klubak ahalduntze feminista kolektiboko benetako sarea dira, non emakumeok elkarri ahotsa ematen diogun, komunean eta desberdintasunean aintzatesten garen; adin, lanbide, jatorri eta egoera guztietako emakumeak”. Klub horiek 2016an jarri ziren martxan, lehena Lautadako Kuadrillan, eta gerora beste kuadrilla batzuk gehitu dira, bai eta Irakurle Kluba ere euskaraz.

Kexaako topaketan 150 emakume inguruk eman dute izena eta gonbidatutako idazlea Karmele Jaio izango da. Idazleak Aitaren etxea liburuaz hitz egingo du: eleberria idazteko prozesua nolakoa izan den azalduko du, eta eleberrian lantzen diren gai batzuk nabarmenduko ditu, hala nola maskulinitateak, emakumeen eta gizonen arteko botere harremanak edo indarkeria matxistak.

Jardunaldia osatzeko, Aiarako bola jokoa ikusi, bazkaria egin eta ametsen hariztia bisitatuko dira, natura eta artea bat egiten duten espazioa baita. Baso bisitagarria da, aire zabaleko museoa, 25 margolarik bertako haritzen azalean egindako lana bateratzen duena.

Zabaldu: