Elkarteko kideek adierazi dutenez, nekatuta daude kulturaren alde daudela esan bai baina kulturgileen aldeko neurri zehatzak planteatzen ez dizkieten politikez.
Miel Elustondo, Garbine Ubeda eta Amagoia Gurrutxaga Lanartea Elkarteko kideak Eusko Legebiltzarrean izan dira, euskararen langile profesionalen elkartearen izenean, euskaraz eta euskaratik sortzen eta interpretatzen duten artisten aldeko neurri zehatzak aldarrikatzeko.
Ubedak azaldu duenez, “2020tik gaude erregistratuta Eusko Jaurlaritzaren elkarteen zerrendan, baina pandemia aurretik hasi ginen mugitzen, prekarietatea eguneroko bizimodua zelako sektore honetako ideiak, formak, mamiak eta tendentzia artistikoak sortzen eta interpretatzen dituztenen bizitzetan. Baina bizitza horietan pandemia bat behar izan dute horretaz hitz egiten hasteko”.
Diziplinakako diagnostikoak egiten hasi zirenean, ildo eta espezialitate anitzeko sektore hau arazo berak alderik alde urratzen duela ikusi zuten: “gizarteak ez gaitu subjektu ekonomiko gisa ikusten, irudi erromantiko eta bohemio samarra dauka gutaz. Hodeietan bizi garelakoan, txaloek eta noizbehinkako sariek asetzen gaituztelakoan. Gure entzule, irakurle eta erosle gehienen begietara ez gara langileak eta administrazioak ez digu ematen gure jardun profesionalak behar duen arreta eta errespetua. Eskubideak dauzkagu, baina sistemak ez daki eskua ematen”, adierazi du Ubedak.
Bestalde, euskararen langile profesionalak diren aldetik, EAEko elebitasun diglosikoaren ondorioak pairatzen dituztela salatu dute euren jardunaren maila guztietan: ekoizpenean, zabalkundean, ordainketan. “Gure lan aukeretan, kulturaren barruan alegia, euskararen balioa ukatu edo ezkutatu egiten da. Kontratazioetan, ez zaigu behar bezala ordaintzen. Hitzaldi, ikastaro edo kontzertu, euskararen langile profesionala bigarren edo hirugarren mailakotzat hartzen da. Promozioan, hedabide publikoek euskaraz sortutako kultura ez dute letra larriz idazten den Kulturatzat hartzen”.
Autonomotan alta emanda egonik ere, babesgabe sentitzen dira langileak. Gutxieneko soldataren mailatik beherako diru apurrak jaso ahal izatera, ikasle-artistek profesionalen pareko baldintzak bete behar izaten dituzte. “Egoera horretaz jabetzeak ekarri gintuen elkartea sortzera eta egoera horretaz jabetzeak ekarri gaitu Legebiltzar honetara etortzea”, nabarmendu du Ubedak.
Euskararen kultur sistemaren giharra, bozgorailu kopurua eta lege babesa ez direla erderarenaren neurri berekoak diote Lanarteakoek. “Ezin dira maila ekonomiko eta sozial berean jarri. Baina jartzen dira, gertatzen da, paperetan eta deklarazioetan esaten denetik praxiara dagoen aldea amildegi handi bat delako. Iduri luke helburua euskaraz sortutako kultura ezkutatzea dela, kultura hegemonikoaren itzalpean diglosia egoerari ezikusiarena eginez. Milioika hiztuneko komunitatea daukan hizkuntza batentzako pentsatutako errezetekin ezin da sendatu 809.000 hiztun eskasera murriztua dagoen komunitate baten kultur sistema”.
Sorkuntzaren aldeko politika bat
Ubedak dionez, “nekatuta gaude kulturaren alde daudela esan bai baina kulturgileen aldeko neurri zehatzak planteatzen ez dizkiguten politikez. Neurri zehatzak nahi ditugu. Ezinbestekoak zaizkigu, iraungo badugu. Eta neurri horiek ontzeko prozesuan parte hartzeko prest gaude. Neurriok kulturaren bitartez gure gizartea biziberritzeko, eta, aldi berean, kultura bera biziberritzeko. Horretarako, asmo onen zerrendez haratagoko neurriak eta planak behar ditugu, hil arteko tratamendu paliatiboak behingoz atzean utzita. Hau ez da plazebo kontua. Hau politika kontua da. Gure kultur sistemaren iraupena merkatuaren legearen eskuetan uztea ere politika da. Eta merkatu hutsaren pelikulak ez du amaiera onik guretzat. Beren lurraldean hegemonikoak diren hizkuntzentzat ere ez, indarrean jarri dituzten lege eta kuota sistemek erakusten diguten bezala, Frantzia hurbil daukagu. Zergatik egiten diogu uko guk geure hizkuntzaren eta kulturaren babeserako neurriak pentsatzeari? Benetan uste al dugu ez ditugula behar?”.
Lanarteak egindako azterketen arabera, halako neurriak hil ala bizikoak dira. EITBn, esaterako, euskal kulturari berebiziko ikusgarritasunaren emateko gutxieneko kuotak proposatu dituzte.
Artisten aldeko politikak eraikitzen hasteko, oinarrizko bost eskakizun
1. Kulturaren kontzeptua sormenetik eraikitzea, eta ez merkatuaren araberako industria ikuspegi hutsetik eta azpiegitura eta evento erraldoietatik.
2. Hizkuntzaren aldagaia zehar-lerro gisa ezartzea sektoreari buruz egindako estatistika, datu bilketa eta azterketa guztietan.
3. Ogasun politika arrazional bat, artisten errealitateari erantzungo diona eta irizpide garden, zuzen eta justuak izango dituena jardunbideak zergatzerakoan. Puntu honek berebiziko garrantzia daukala diote autonomoak ez diren sortzaileentzat ere. “Horretarako ekarpen bat da helarazi dizuegun txostena. 1.000tik gora sortzaile biltzen dituzten Euskal Idazleen Elkartea, Itzultzaile Elkartea, Bertsozale Elkartea eta Galtzagorri Elkartearekin elkarlanean definitu dituzte bertan ageri diren kasuistika eta egoera hobetzeko neurri zehatzak”.
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako lau ogasunei eskatzen diete euskal sortzaileen diru sarrerak lan etekintzat hartzea, aktibitate profesionalen etekintzat jo beharrean. Honek ekarriko luke: JEZen alta eman beharrik ez izatea; BEZaren deklaraziorik egin beharrik ez izatea salbuetsita dauden diru sarrerengatik; TiketBAI sistema erabili beharrik ez izatea, Gizarte segurantzaren Langile Autonomoen Erregimena ezarri beharrik ez izatea.
Hau horrela izanez gero, sortzaile gehienen arazo administratibo eta fiskal nagusiak desargertuko lirateke.
4. Euskarazko kultur proposamenen gutxieneko kuota bat ezartzea zirkuitu eta hedabide publikoetan (EITBn azpimarra berezia eginez), euskaraz ari diren profesionalentzako gutxieneko plazak eta masa kritikoa ziurtatzeko oinarrizko neurri gisa.
5. Aurrekontuak emendatzea euskaraz sortzen den kultura sustatzeko: kultura horrentzako zirkuituak sortzea eta indartzea etxean bertan.