(argazkia: nafarroa.eus)

Landarte arte garaikideko programa Nafarroako sei herritan egiten ari dira

Seigarren edizio honetan, Cabredon, Faltzesen, Leatxen, San Martin Unxen, Urrotz Hirian eta Uztarrozen egiten ari dira.

Kultura garaikidea eta landatartasuna izenburupean egiten ari dira Landarte programaren seigarren edizioa Nafarroako sei herritan. Hainbat artistak eta sortzailek kultura-prozesuak sortzea da helburua, bertako biztanleen laguntzarekin. Marina Lameiro zinemagilea, esaterako, Uztarrozen lan egiten ari da, Patxi Burillo arkitekto eta zinemagilea, berriz, Urrotz Hirian, Greta Alfaro artista bisuala San Martin Unxen, Itsaso Iribarren eta German de la Riva eszena-sortzaileak Faltzesen, Andrea Ganuza ilustratzailea eta Karmele Oteros artista bisuala Cabredon eta Maddi Barber zine-zuzendaria Leatxen.

Sorkuntza-prozesu horiek hasierako fasean daude oraindik. Artistek prospekzio-lana egingo dute uztailaren 15era arte, eta, horretarako, loturak ezarriko dituzte lan egingo duten herriekin. Ondoren, beren proiektuak zehaztu eta garatuko dituzte, urriaren 2ra arte.

Landarte 2022ko taldea

Landarte 2022k bitartekari-talde bat du, zeregin hauek dituena: parte-hartzaile guztiak (herriak, artistak eta erakundeak) koordinatzea, bertako biztanleak dinamizatzea, sortzaileei komunitatearekiko eta ingurunearekiko loturan laguntzea, eta artistak proiektu koherentetan identifikatu eta aholkatzea.

Gainera, programak dokumentazio- eta komunikazio-talde bat du lan-prozesuak erregistratzeko. Material grafikoak eta ikus-entzunezkoak ere sortuko dira, webgunearen, blogaren eta sare sozialen bidez zabalduko direnak.

Azaldu dutenez, “Landartek, azken edizioetan bezala, tokiko biztanleek proiektuaren garapen osoan parte hartzea bultzatu nahi du, modu kolektibo eta horizontalean, edukiak eta diskurtsoa sortzeko. Aukera bat izan nahi du programa honek, Nafarroako landa-komunitateek beraiek nahi duten landa-munduaren ereduari eta praktikei (sozialak, kulturalak eta ekonomikoak) buruzko funtsezko gaiak azter ditzaten. Hori lortzeko, hautatutako herrietan lan egingo dute sortzaileek, elkarri eraginez, bertako jendea eta diskurtsoak mapeatuz, tokiko komunitatearen interesak eta beharrak jasoko dituzten proiektuak lankidetzan garatzeko”.

Zabaldu: