EP-ak biltzen dituen hamar kantuetan, rapa hainbat estilotako musikarekin uztartu ditu Bilbokoak.
Elena Caballero La Basu (Bilbo, 1983) rap abeslariak ‘Gerra’ izeneko EP-a plazaratu du. Hamar kantuk osatzen dute lana, horietatik sei euskaraz idatziak. Musikari bizkaitarrak hainbat estilotako musikarekin uztartu du rapa. Erritmo gogorrak eta borrokaz beteriko hitzekin, diskorik iraultzaileena ondu duela dio. Lan berri honetan nahi izan duena egin duela aitortu du abeslariak, “denarekin gerra egin dut, gauza berriak probatu nahi izan ditut eta nahi dudana esateko eta musika egiteko emakume askea sentitu naiz” ”. Jendeak kontzertuetan dantza egitea ere izan da bere asmoa.
Letra guztiak La Basuk berak idatzi ditu, eta Alas Glow abeslariak Bakardadea kantuan eta DJ Ibai-k diskoaren amaierako scratch saioan parte hartu dute. Lan berria Unai Mimenza-k grabatu eta masterizatu du Soinuart estudioan, eta ekoizpena Zumarro Prod, Thesamebeats eta DJ Ibaik egin dute.
Diskoa euskarri fisiko eta digitalean eskuratu daiteke eta abeslariak iragarri duenez, Durangoko Azokan, binilo formatuan ere eskuratu ahal izango da.
La Basu Euskal Herriko emakumezkoen rap‑aren erreferente handietako bat da. 20 urte baino gehiago daramatza hip hop musikaren munduan. 1990 hamarkadan ekin zion bere musika ibilbideari. Raparen munduan Euskal Herrian zegoen emakume bakarra zen eta urte horretan bertan, emakumezkoen talde bat eratu zuen, Jungla Urbana. 2001ean berriz, #k maketa kaleratu zuen. Osasun arazo baten ostean, 2013an itzuli zen Remixes maxiarekin eta 2015ean Aire es vida diskoa plazaratu zuen. 2016an euskara hutsezko EPa atera zuen, Izotz erregina izenpean eta 2017an Ni naiz Izotz Erregina diskoa kaleratu zuen.
Salseo da lan berriak jasotzen duen kantuetako bat.