(Argazkia: Bertsozale.eus)

Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko bertsolari gazteei plazak eskaintzeko, ‘Haizea Dator’ ekimena martxan

Egitasmoak lurralde osoan eragiteko asmoa du, bertsozaletasuna sustatuz, jendea elkartera hurbilaraziz, haurrak antolatzaile aktibo bilakatuz eta zirkuitu berri bat sortuz. Orotara zortzi saio antolatuko dira hiru lurraldeetan gaindi.

Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko bertso eskoletako ikasleei eta jadanik bertso eskolatik atera diren bertsolari gazteei bertso saioetan kantatzeko aukera emateko asmoz, Haizea dator egitasmoa jarri du martxan Bertsularien Lagunak elkarteak.

Hiru lurraldetan gaindi dauden bertso eskola desberdinek bertso saioak antolatuko dituzte beraien herrietan eta saio horietan bertsolari gazteek parte hartuko dute. Haizea dator ekimenak Lizeoan eta bertso eskolan egondako bertsolari gazteei kantuan aritzeko plazak eskaintzeaz gain, lurralde osoan eragiteko asmoa du, bertsozaletasuna sustatuz, jendea elkartera hurbilaraziz, haurrak antolatzaile aktibo bilakatuz eta zirkuitu berri bat sortuz. Orotara zortzi saio antolatuko dira hiru lurraldeetan gaindi.

Urriaren 4ean, Muskildin iragan zen lehen saioa eta biziki harrera ona izan zuela nabarmendu du Bertsularien Lagunak Elkarteak. “Guraso eta bertsozale desberdinak hurbildu ziren bertso saioaz eta ondorengo aperitifaz gozatzeko asmoz. Kantuan Maddi Ane Txoperena, Aitor Servier, Oneka Arteaga, Aetz Etxart, Xabi Negueloua eta Naia Etxeberri Larzabal aritu ziren. Biziki saio polita eskaini zieten bertaratutakoei eta denek biziki baikorki baloratu zuen ekimena”.

Zabaldu: