(argazkia: Lapurtarren Biltzarra)

Lapurtarren Biltzarra egingo dute igandean Uztaritzen

Egun osoko egitaraua prestatu dute: karroen desfilea gaitero, zigante eta trikitilariekin alaituta, bertsolarien emanaldia, bazkaria Nat eta Watson taldearen zuzenekoarekin eta, amaitzeko, Cumbiam´Bero, Liher eta Niña Coyote eta Chico Tornado taldeen kontzertuak.

Tradizioa, aldarrikapena eta festa dira Lapurtarren Biltzarreko osagaietako batzuk. Erdi Arotik Frantziako Iraultzara arte Lapurdi gobernatu zuen batzarra izan zen. Euskal Herriko beste herrialdeek beren Batzar Nagusiak edo Gorteak zituzten bezala, Lapurdik bere botere legegile eta zerga ezartzailea zuen. Hala, tradizioa biziberritzeko helburuarekin, 41. Lapurtarren Biltzarra ospatuko dute igandean, urriaren 1ean, Uztaritzeko Lota jauregiaren inguruetan.

Goizeko 11.00etan emango diote hasiera egun osoko egitarauari, karroen desfilearekin. Bertan, Lapurdiko hainbat herritako gazteek eraiki dituzten karroak ikusteko aukera egongo da. Festaren muina izaten dira karroak, hauen bidez, bertan parte hartzen duten herrietako kezkak, arazoak eta aldarrikapenak azaltzen dituzte. Desfilean zehar, Ustaritze, Itsasu eta Baigorriko gaiteroak, Ezpeleta eta Uztaritzeko trikitilariak eta Kanboko ziganteak ere izango dira giroa alaituz.

Ondoren, herri bazkaria antolatu dute Xalbador kolegioaren eskutik. Bitartean, Nat eta Watson taldeak joko du.

Amaitzeko, arratsaldean kontzertuak izango dira, Cumbiam´Bero, Liher eta Niña Coyote eta Chico Tornado izango dira aurtengo edizioko oholtzara igoko diren taldeak.

Zabaldu: