Egitasmoak 1936ko gerrak eta ondorengo diktadurak izan zuten giza dimentsioa izango du abiapuntu, “orduko andre, gizon eta haurren bizipenak gaur egunera ekartzeko eta biktimei bidezko eta egiazko aitortza egiteko asmoz”.
Larrabetzuko Udalak eta EHUko Arte Ederren Fakultateak elkarlanean herriko memoria historikoan oinarritutako hiru proiektu artistiko bultzatuko dituzte hurrengo hilabeteetan. Egitasmoak 1936ko gerra zibilak eta ondorengo diktadurak izan zuten giza dimentsioa izango du abiapuntu, “orduko andre, gizon eta haurren bizipenak gaur egunera ekartzeko asmoz eta biktimei bidezko eta egiazko aitortza egiteko”.
Artistek urrira arte izango dute proposamen horiek garatzeko aukera. Udazkenean, berriz, emaitzak ezagutzera emango dira. Udalak, herritarrekin batera, hiru proiektu horien artean gauzatuko den egitasmoa aukeratuko du.
Arte Ederren Fakultateko dekano Arantza Lauzirikaren esanetan, “Larrabetzuko Udalarekin lankidetza-hitzarmena egiteko interesa, batetik, memoria historikoa esparru artistikoetatik ere zabaltzen laguntzea izan da. Eta bestetik, unibertsitatearen proiekzioa hobetzea”. Honelako egitasmoekin Fakultateko ikasleen lanak “gizartean presentzia handiagoa” duela nabarmendu du Lauzirikak. “Bereziki, hiriburu edo hirigune handi ez diren udalerri eta inguruneetan. Gainera, ikasleen lanbide- eta giza esperientzia hobetzen laguntzen dute honelako ekimenek. Halaber, ikaslea testuinguru akademikotik atera eta testuinguru espezifikoetan eta arazo zehatzekin lan egiteko aukera ematen duen proiektua da”, zehaztu du Arte Ederren fakultateko dekanoak.
Hutatutako proiektuak:
– Noranzko begirada: I. Ane Seijas / Julen Sainz de Rozas /Ane Lopes.
– Zuloa: II. Eriz Moreno / Amaia Molinet.
– Hona hemen: III. Liben Svaart.