Larrabetzuko Memoria historikoan oinarritutako hiru proiektu artistiko aurkeztu dituzte

1936ko gerra zibila eta diktaduraren garaia eta gerraren giza dimentsioa dituzte abiapuntu proiektuek.

Larrabetzuko Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateak herriko Memoria historikoan oinarritutako hiru proiektu artistiko aurkeztu dituzte. Zehaztu dutenez, “1936ko gerra zibila eta gerra osteko diktaduraren garaia eta gerraren giza dimentsioa dituzte abiapuntu obra hauek, orduko andre, gizon eta umeen egoerak eta bizipenak gaur egunera ekartzeko eta berauei aitortza justu eta egiazkoa egiteko”.

Eriz Moreno (Bilbo, 1982) eta Amaia Molineten (Lodosa, 1988) Zirrikitua da proiektuetako bat. Bi artista hauek zeharkako ikuspegi historiko batean oinarritutako proiektu artistikoa aurkeztu dute, Larrabetzun Gerra Zibilaren aztarnak behatuz. Proiektuan, gatazka hau ez da soilik gertakari historiko sorta gisa ulertzen, analisiak tokiko ikuspegia eta baita egileen ikuspegi pertsonala ere barne hartzen ditu. Hau da, bai bere protagonisten ikuspegia (belaunaldiz belaunaldi ahoz pasatzen den memoria), eta baita Moreno eta Molinetena, bertan, lurraldean. Proiektuaren emaitza argitalpen bat da, bisita gidatu batekin osatu daitekeena.

Liben Svaart-en (Leioa, 1994) Hona Hemen orain ez dagoena da aurkeztutako beste proiektuetako bat. Oroimen historikoaren aztarnak aztertzen dituen proiektu artistikoa da honakoa, erakusketa forma hartuko duena otsailean zehar. Artista bizkaitarrak bere ikerkuntzari amaiera emango dio erakusketa honen bidez, prozesuan sortu diren artelanak erakutsiz. Alde batetik, soinu pieza bat, 31 minutukoa, Sol notaren ñabardurak plazaratzen dituena. Soinu pieza horri etengabe errepikatzen den animazio bat laguntzen dio, batera jarrita memoriak daukan lausotasuna adieraziz. Erakusketa hau osatzeko, bisitariak etxera eraman dezakeen horri tamainako piezak egongo dira ikusgai.

Ane Seijas (Amurrio, 1996) eta Julen Sainz de Rozasen Baietz esaten duena eta ezetz esaten duena proiektua da hirugarrena. Testu klasiko baten irakurketaren bidez, Seijas eta Sainz de Rozasen ikus-entzunezko pieza honek gerra zibileko lurraldeari buruzko gogoeta egin nahi du. Bertolt Brechtek 1930ean idatzitako Der Jasager und der Neisager (Baietz esaten duena eta ezetz esaten duena) da aukeratutako idazlana. Antzerki labur bat da eta Taniko obra japoniarrean oinarrituta dago. Brechten pieza didaktikoetako bat da; “Marxen materialismo dialektikotik abiaturik eta antzerki ortodoxotik at antzezteko idatzitako irakaspenezko obra txikiak”. Lucio Uriartek euskaratutako antzezlan hau hasiera berdina baina amaiera desberdina duten bi zatiz osatzen da. Hain zuzen, ikus-entzunezko pieza ezaugarri formal horretan oinarritzen da testua Gerra Zibileko Larrabetzurekin erlazionatzeko: bidearen lehen zatia Bizkargi mendian gertatzen da, bigarrena, berriz, Gaztelumendin.

Zabaldu: