Larrotxene Bideoko ekoizpenak Donostiako Antzoki Zaharrean aurkeztuko dira, ekainaren 18an

Bideoaldirako sarrerak doakoak izango dira, baina gonbidapenak Antzoki Zaharreko leihatilan jaso beharko dira ekainaren 11tik aurrera (11:30etik 13:30era).

Urtero bezala, Donostiako Larrotxene Kultur Etxeak ikasturtean zehar egindako lanak Bideoaldian aurkeztuko ditu ekainaren 18an, arratsaldeko 19:00etan, Antzoki Zaharrean. 33 urte dira Larrotxeneko bideo espezializazioa Intxaurrondo auzoko Larrotxene Kultur Etxean martxan jarri zela eta dagoeneko 500 produkzio baino gehiago ekoitzi dira eta ehunka koprodukzioetan parte hartu du.

Donostia Kulturaren arabera, “2020-2021 ikasturtea berezia izan da Larrotxenen. Ikasleen segurtasuna bermatzeko partaide kopuruak mugatu egin behar izan dira eta, ondorioz, ikastaroen kopurua ere gutxiagotu da”. Dena den, lana emankorra eta sormenez beterikoa izan dela nabarmemendu dute eta ikasturtean zehar landu diren hainbat generotako produkzioen aukeraketa ikusteko parada izango da hilaren 18an:

Pablo Maloren ikasleek, esaterako, Atzelariak film laburra zuzendu dute Zine zuzendaritza ikastaroaren barruan; Oskar Tejedorrek gidatutako Dokumentalgintza ikastaroan landutako proiektuen aurkezpenak ere ikusi ahal izango ditugu Bideoaldian; Larrotxene Bideoko ikaslez osatutako B-Egia bideogileen kolektiboak film laburren sorta bat aurkeztuko du; Irungo Toki Alai ikastetxearekin elkarlanean erdi aroari buruzko ikasgaiak osatzeko film labur bat ere sortu da eta Ikastetxeko 15 ikaslek eta hainbat irakaslek hartu dute parte; azkenik, eta koprodukzio gisa, A Way Out thriller generoko film laburra aurkeztuko da.

Bideoaldirako sarrerak doakoak izango dira, baina gonbidapenak Antzoki Zaharreko leihatilan jaso beharko dira ekainaren 11tik aurrera (11:30etik 13:30era). Pertsona bakoitzeko gehienez bi gonbidapen eskuratu ahal izango dira. Aurtengo ekitaldiak edukiera mugatuta izango du eta bertaratzen diren guztien segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren osasun-neurri guztiak hartuko dira.

Zabaldu: