Larunbatean 10 urte beteko dira Joxantonio Ormazabal idazle, editore eta itzultzailea hil zela

Haurrentzako ipuin eta olerki liburu ugari idatzi eta itzuli zituen 1982az geroztik. Pernando Amezketarra edo Maripertxenta dira horietako batzuk.

Datorren larunbatean hamar urte beteko dira Joxantonio Ormazabal Joxan euskal idazle, editore  eta itzultzailea hil zela. Zegaman sortu zen, 1948ko uztailaren 21ean, eta bertan zendu zen 2010eko maiatzaren 2an, 61 urte zituela.

Umetan apaizgaitegian ikasi arren, gaztetan hura utzi eta maisu-ikasketak egin zituen. Magisteritza amaitu eta urte batzuetan irakasle aritu zen, Zarauzko ikastolan aurrena eta Beasaingoan gero. Garai hartan, libururik kaleratu ez zuen arren, hamaika kanta eta ipuin sortu zituen bere ikasleentzat.

1981ean, euskarazko liburugintza indartzeko asmoz, bere herrikide Joseba Jakak Elkar argitaletxean editore lanetan hasteko proposamena egin zion. Geroztik, euskarazko haur literatura modernoaren zutabeetako bat izan zela esan daiteke, hiru arlotan: autore, itzultzaile eta editore gisa. Idazten jardun zuen hogeita hamar urteetan literatura lan oparoa utzi zuen 50 bat izenbururekin, Kaskarintxo (1982) eta Margolin (1983) bezalako irakurgai arinekin hasi, eta sakontasun handiagoko liburuekin amaitzeraino, hala nola Ilunorduak eta Argilaurdenak poema sorta (2007) edo Ehun ipuin hitz gutxitan (2010).

Itzultzaile lanetan, euskara malgu, gozo eta adierazkorrez euskaratu zituen haur literaturako hainbat lan, zabalkunde handia izan zutenak: Teo pertsonaiaren abenturak, Gianni Rodariren ipuinak eta beste asko. Nabarmentzekoa da esaerak eta pasadizoak biltzen eta gaurkotzen egindako lana ere, hala nola Pernando Amezketarraren gertaerak (1981) edo Lazkao Txikirenak (1995). Euskal ipuin tradizionalen egokitzailea ere izan zen, haren eskutik ezagutu baitituzte belaunaldi askok Makilakixki edo Patxi Errementaria bezalako istorioak.

Amaitzeko, ezin aipatu gabe utzi Ormazabalen alderdi ezezagunago bat: milaka haurren poz-iturri bihurtu ziren hark idatzitako kantak, gehienetan Imanol Urbietak musikatutakoak; adibidez, Astoa ikusi nuen, Txoria nintzela edo Mila kilo zorion (azken hori, musika herrikoia duena).

Umorea, jolasa, irudimena, bizipoza eta bestearenganako errespetua dira bere testuetako ezaugarri nabarmenetako batzuk, baita  ekologia ere. Baztertuen aldeko jarrera eta belaunaldi desberdinen arteko harremana bere istorioetan aldarrikatzen dituen balioetakoak.

Zabaldu: