Goizeko 11:30ean hasiko da eta gerturatzen diren guztientzako izango den luntxarekin emango diote amaiera aurtengo edizioari.
“Haur eta gazteek jendaurrean kantatu ahal izateko, harremanak egiteko, eserlekutik bertsozaletzeko eta hurbilekoak ere bertsotara hurbiltzeko, eta antolakuntza lanetan ardurak hartzen ikasteko asmoarekin antolatzen dugu Eskolartekoa”, azaldu du Bertsozale Elkarteak.
Horregatik, lehiarik gabeko saioetan kantatzeko aukera dute 15 urtetik beherako gazteek. 15-18 urteko gazteentzat, ordea, bat-bateko txapelketa antolatzen dute. Aurtengoak geltoki bat baino ez du falta, Euskal Herrikoa, asteburu honetan, larunbatarekin izango dena.
Bertsolariaren zereginetara soilik mugatu gabe, gazteei aukera ematen zaie nahi duten rolean parte hartzeko. Gainera, bertso-eskola guztien festa izaten dira lurraldeetako finalak, baita Euskal Herrikoa ere. “Dagoeneko herrialdeetakoak amaituta, larunbat honetan Euskal Herrikoa izango baita Arantzan. Beren neurriko saioa ontzeaz eta talde lan horrekin gozatzean gain, adinkideekin harremanak egiteko aukera paregabea da larunbatekoa, baita bertsolariekin zuzeneko harremana izatekoa ere”.
Hala, aurkezle zein gai jartzaile lanetan Ekhiñe Zapiain Arlegi eta Josu Txoperena Iribarren arituko dira, ganbara zaintzen Oihana Arana Cardenal eta txapela janzten Saioa Alkaiza Guallar. Hirurak Eskolartekoan aritutakoak dira.
Bertsozalek Ikastolen Elkartearekin batera antolatzen du txapelketa, “elkarlana baita Eskolartekoaren gako zein funtsetako bat”.
Goizeko 11:30ean hasiko da Eskolartekoa eta gerturatzen diren guztientzako izango den luntxarekin emango diote amaiera aurtengo edizioari.