Larunbatean jokatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehenengo finalaurrekoa, Elizondon

Agin Laburu Rezola, Alaia Martin Etxebeste, Iñaki Apalategi Astigarraga, Joanes Illarregi Marzol, Onintza Enbeita Maguregi eta Unai Agirre Goia bertsolariak igoko dira oholtzara arratsaldeko 17:00etatik aurrera.

Elizondoko Baztan pilotalekuak hartuko du Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehenengo finalaurrekoa larunbatean, 17:00etatik aurrera. Bertan izango dira Agin Laburu Rezola, Alaia Martin Etxebeste, Iñaki Apalategi Astigarraga, Joanes Illarregi Marzol, Onintza Enbeita Maguregi eta Unai Agirre Goia bertsolariak eta gai jartzaile lanetan, berriz, Amaia Castorene Luro.

Fase honetan, honako lana egin beharko dute bertsolariek: Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian; binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte (ariketa honek hiru bertsoren balioa izango du); binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean; eta ganbarako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian

Fase honetan epaile lanetan Ainhoa Arregi Elosua, Bakarne Urreaga Etxeberria, Ekaitz Elorriaga Anduaga, Eneritz Azkue Basurko, Joseba Beltza Bengoetxea, Joseba Santxo Uriarte eta Maialen Berra Zubieta arituko dira.

Larunbateko saioa irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da azaroaren 19an Amurrion jokatuko den bigarren itzuliko finalaurrekora. Elizondoko saioaren ostean, beste hiru finalaurreko jokatuko dira lehen itzulian: Donibane Garazin, Irunen eta Durangon. Horietatik aterako dira finalaurrekoen bigarren itzulira sailkatuko diren 18 bertsolariak. Amurrion, Baionan eta Bilbon izango dira bigarren itzuliko hiru finalaurrekoak.

Zabaldu: