Aurtengo Ibilaldiak ez du ibilbiderik izango, ez janari eta edari zerbitzurik, ez kontzertu erraldoirik… Halere, lau gune nagusi izango ditu herrian zehar banatuta. Parte hartu ahal izateko aurrez izena eman beharko da.
Gaur goizean aurkeztu dute Ibilaldiaren aurtengo ekitaldia. Sopelako Ander Deuna eta Leioako Betiko ikastolak antolaturik, maiatzaren 30ean izango da, Sopelan. Adin guztietarako pentsatutako egitaraua prestatu dute bi ikastolen artean, baina bereziki familian gozatzeko eguna izango da.
Aurtengo Ibilaldiak ez du ibilbiderik izango, ez janari eta edari zerbitzurik, ez kontzertu erraldoirik… Halere, lau gune nagusi izango ditu herrian zehar banatuta. Azaldu dutenez, “ekitaldi honen ezaugarriak kontuan hartuta, ezinezkoa izango da gune batetik bestera mugitzea; erabiltzaileak aukeratu egin beharko du”.
Zentzu horretan, Ibilaldia egunean guneren batean parte hartu ahal izateko, bertan izango diren ekintzez gozatzeko, aurretik Ibilaldiaren webgunean izena eman beharko da. Hala egin ezean, ez da aukerarik izango Ibilaldiko guneetan sartzeko.
Guneak non kokatu aukeratzerako orduan, irizpide nagusietako bat pandemiaren ondorioz bete behar diren osasun neurriak ahalik eta bermerik handienarekin egiteko aukera ematen duten lekuak izatea pentsatu da, besteak beste. Horrela, berezko babesa edota ixteko erraztasunak eman ditzaketen tokiak hautatu dira.
Beste alde batetik, guneak izendatzeko orduan ere berezitasunen bat eman nahi izan zaie, eta horrela, bada, lau elementu klasikoetara jo dute antolatzaileek; lurra, ura, sua eta haizea (airea) elementuetara, hain zuzen. Halaber, gunea izendatutako elementua kontutan hartuta diseinatu da egitaraua. Gune bakoitzeko egitarauan bi jarduera mota txertatu dira. Bata partehartze zuzena eta aktiboa eskatzen duena, tailerrak; eta, bigarrena, berriz, ikuskizuna; pasiboagoa eta ikus edota entzutea eskatzen duena.
Ibilaldian zehar antolatu diren ekimen ezberdinetan adin guztietako pertsonek leku izan dezaten saiatu dira, baina maiatzaren 30erako pentsatu diren hauetan familian, helduak eta umeak, elkarrekin, bizitzeko dira nagusiki.
Guneen kokapena:
Sua gunea Ander Deuna Ikastolan bertan kokatu da. Orientazio eta dantza tailerrak eskainiko dira bertan eta Deabru Beltzak ikuskizuna.
Hasiera ekitaldia ere gune honetan izango da. 09:15ean emango zaio hasiera eta ohi legez, lagun kopurua guztiz mugatuta, instituzioetako eta gizarte eragileetako ordezkariak izango dira bertan. Ekitaldi honetan, Ander Deuna eta Betiko ikastolek lekukoa pasatuko diote 2022ko Ibilaldiko antolatzaile izango den Bilboko Abusu ikastolari.
Ura gunea Barinetxeko goiko aparkalekuan egongo da, hondartza gainean. Haurren hondartza tailerrak izango dira bertan. Bi ekintza jasoko dira nagusiki: batetik, munduko beste herri batzuetako kultura ezagutzea; Saharar herriaren kulturaren ezagutza, hain zuzen. Aurretik, Bizkaiko ikastoletako Lehen Hezkuntzako ikasgeletan landutako gaia. Bestetik, haurren hondartza diseinatuko dute umeek. Hondartzan ur-jolasak ere izango dira.
Haizea gunea ere Barinetxeko goiko aparkalekuan kokatuko dute. Itsasoari begira ezkerreko aldean. Irrintzi eta perkusio tailerrak izango dira bertan. Turutukupa ikuskizuna bertan izango da.
Lurra gunea Larrabasterrako Urgitxieta plazan eta inguruan egongo da. Talo eta Tai Txi tailerrak izango dira bertan eta Gora Kasete ikuskizuna.
Gune baten barnean egongo ez den arren, azoka ere antolatuko dute Udaletxe Plazan.