Ados Teatroaren Las ciegas hormigas irakurketa antzeztua, Pablo Viarren Confines ikuskizuna eta Maitane Sarralderen Madre Perla dantza pieza ere aurkeztuko dira oholtza gainean.
Irailetik abendura bitartean, euskal konpainiek eta artistek Getxoko Muxikebarri zentroarekin elkarlanean garatutako lau koprodukzioz gozatzeko aukera izango du publikoak. Ados Teatroa, Pablo Viar, Maitane Sarralde eta ArteDrama dira koprodukzio horien atzean dauden konpainiak eta artistak eta hainbat diziplina eszeniko eskainiko dituzte euren ikuskizunen bidez: eseki-dantza, irakurketa antzeztua eta antzerkia, hain zuzen ere. Ikuskizunetarako sarrerak uztailaren 22an jarriko dira salgai Getxo Kulturako ohiko kanaletan.
Xabier Paya Getxoko Kultura Etxeko zuzendariak azpimarratu duenez, koprodukzioek antzokien profil tradizionala modernizatzen lagunduko dute, “ikuskizunen erakusleiho hutsa” izatetik harago, “profesionalentzako zein publikoarentzako proiektu-fabrika eta topagune” bihurtzeko. Koprodukzioen programa martxan jartzerako orduan, lau irizpide artistiko eta sozial hartu dira kontuan, “tokiko talentua, bizi garapen iraunkorra, kulturartekotasuna eta arte eszenikoen kalitatea”.
Irailaren 21ean taularatuko da lehenengo koprodukzioa: Ados Teatroaren Las ciegas hormigas ikuskizuna. Ramiro Pinillaren izen bereko eleberriaren irakurketa antzeztua izango da, frankismoaren garairik ilunenean girotua. Garbi Losada aktore eta zuzendariaren egokitzapen honek Jauregui familiaren istorioa eta, batez ere, galerna-gau batean gertatutakoak kontatuko ditu. Jose Antonio Vitoria produktore exekutiboak zuzendariaren egokitzapen-prozesu konplexua goraipatu du, eta nabarmendu du ikuskizun mota honek publiko berriak erakartzeko balioko duela. Bere iritziz, “eszenifikazio-formatu berri honek etorkizunean Pinillaren historiaren dimentsioko obra koralak eszenaratu ahal izateko lehen urrats gisa balioko du”.
Urriaren 4an, berriz, Pablo Viarrek zuzendutako Confines obraren txanda izango da. Eguzki Zubia eta Txubio Fernandez Jauregui izango ditu protagonista. Viarrek berak azaldu duenez, lan hau “identitatearen eta gizateriaren inguruko ikerketa zientifiko baten emaitza da, prozesu zientifikoaren ikuspegitik”. Samurtasunaren eta komikotasunaren artean, lan honek ikusleen konplizitatea eskatzen du, giza existentzia baldintzatzen duten mugei buruzko hausnarketa planteatzeko. Adinekoen Nazioarteko Eguna dela eta, eta ikuskizuna baino lehen, lantegi bat antolatuko da adinekoen tokiko kolektibo eta elkarteentzat.
Maitane Sarralde dantzari eta koreografoak sortutako Madre Perla dantza ikuskizuna izango da hirugarren koprodukzioa. Azaroaren 23an taularatuko da eta piezaren izenak adierazten duen bezala, desafiatzaile eta basamortuko paisaia bakarti batean kokatzen da. Oholtza gainean ikusiko dugun bikote dantzariak bakardadea islatuko du neurrigabetasunean, baina betiere kontaktua bilatuz eta, era horretan, landareak ingurune kaltegarrian bizirauteko duen gaitasuna adieraztea lortzen du biko honek.
Abenduaren 20an oholtzaratuko da azken antzezlana. Kasu honetan, Amets Arzallus bertsolari eta kazetariak idatzitako Miñan liburua izango du oinarri obra honek. Ibrahima Balderen immigrazio historiaren kronika kontatzen du lan honek eta Artedrama Arte Eszenikoen Plataformak egin du antzerkirako egokitzapena. Ander Lipusen zuzendaritzapean, Sambo Diaby, Eihara Fernandez de Larrea, Mikel Kaye eta Lipus bera ikusiko dugu taula gainean, Ibrahim Balde ginear gaztearen bizipenak kontatzeko. Bere istorioa amak Europara bere anaia txikiaren bila joateko eskatzen dionean abiatzen da. Une horretatik aurrera, Afrika eta Europa banatzen dituen ibilbidearen esperientzia gogorra biziko du. Obraren zuzendaria pozik agertu da antzezlana Muxikebarri bezalako espazio eszeniko batean aurkeztu ahal izateagatik; izan ere, Timberlake Wertenbaker antzerkigile ezaguna eta jatorrizko testuaren itzultzaileak (Little Brother izenburupean) bere herrian estreinatzea pentsatu zuen.