( argazkia: Araba Euskaraz)

[BIDEOA] Laudio Ikastolak 2021eko Araba Euskaraz iragartzeko kanta eta bideoklipa aurkeztu ditu

Arabako ikastolen aldeko jaia gertutik bizi ezin izan duten horientzat erakusleiho bihurtu nahi izan dute kanta eta bideoklipa.

Zabal bideak da Laudion, ekainaren 20an egingo den Arabako Euskaraz festarako aukeratu duten leloa. “Egun bizi dugun egoeran, asko dira berriz zabaldu beharreko bide eta leihoak; Itxaropenari, ilusioari, parte hartzeari, naturari, eraldaketari, berdintasunari, euskarari, talde lanari, elkarlanari, laudioarrei, hezkuntza eredu berriari, aniztasunari, jolas libreari, auzolanari… Osasun krisiak itxitako bide horiek guztiak berriz zabaltzeko garaia da. Eta… ba al dago musikaz zabaltzeko baino modu atseginagorik?”, adierazi du Jon Bengoetxea Ikastolako zuzendariak.

Azaldu dutenez, “hilabeteak igaro dira letra idazten, musika sortzen, estudioan grabatzen, koreografia asmatzen, herriko hainbat txokotan irudiak hartzen…”. Araba Euskaraz gertutik bizi ezin duten horientzat erakusleiho bihurtu nahi izan dute kanta eta bideoklipa. Horretarako, “herria martxan eta dantzan jartzeko asko dira sorkuntza lanetan aritu izan direnak, asko izan dira euren alea Laudio Ikastola eta Araba Euskarazen alde jarri dutenak”, adierazi dute.

Hala, Laudio Ikastolako lau ikasle ohi batu dira kanta eta bideoa sortzeko: Izar Mendiguren da abestiaren egilea, “euskararen eta euskal kulturaren bultzatzaile sutsua da” adierazi dute; Egoitz Uriartek, bere aldetik, letrari musika jarri dio, aurreko Araba Euskarazen edizioetan ere parte hartu izan du; Txabi Alvarado da bideoa egiteaz arduratu dena; eta Ainhize Solaun dantzariak koreografia sortu du. Hauekin batera, Endika Guerrero eta Iskander Vesga (saxoa), Garazi Orueta (klarinetea), Laura Pelayo (zeharkako flauta), Felix Miguel Adrian (tronpeta), Flor Inza (perkusioa), Daniel Lamperez (teklatua) eta Eric Gomez (baxua) musikariak aritu dira. Ahotsak Egoitz Uriarte, Alaia Mendieta, Xabi Basterra eta Ana Braurenak dira.

Zabaldu: