Gehibat konpainiaren 'Zaku berekoak' antzezlana (argazkia: Euskaltzaindia)

Lautan Hiru antzerki jaialdia otsailaren 5ean abiatuko da Bilbon

Aurtengo ikuskizunetako bat Gehibat konpainiaren Zaku berekoak da. Antzezlan horrek irabazi zuen 2025eko Lautan Hiru laguntza.

Lautan Hiru antzerki-jaialdiak Bilboko Zazpi Kaleetako bazterrak astinduko ditu aurten ere. Otsaileko lau ostegunetan, euskarazko antzerkia izango da nagusi hiriburuko Alde Zaharrean.

Aurten, otsailaren 5ean, 12an, 19an eta 26an egingo da jaialdia eta Euskaltzaindiak, Cafe Bar Bilbaok, Bira Kulturguneak eta 7Katuk antolatu dute egitaraua. Eszenatokiei dagokionez, iazko bost espazioei La Sinsorga kulturgunea gehitu zaie edizio honetan. Hortaz, sei lekutan programatuko dira lanak: La Sinsorga, Kalderapeko, BIRA, Cafe Bar Bilbao, 7Katu gaztetxea eta Euskaltzaindiaren egoitza. Egitaraua eta bestelako jakingarriak urtarrilaren 28an egingo den prentsaurrekoan argituko dira.

Zaku berekoak antzezlana

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, aurtengo edizioan emango den ikuskizunetako bat Gehibat konpainiaren Zaku berekoak da. Antzezlan horrek irabazi zuen 2025eko Lautan Hiru laguntza.

Xabier Fernandezen proiektua da Zaku berekoak, eta gidoia ere berak idatzi du. Dena den, Intujai konpainiarekin elkarlanean bideratu dute proiektua.

Gizon batek bere familiarekin ospatu nahi du urtebetetzea. Baina, zer gertatzen da inork erantzuten ez dionean? Zaku berekoak oroimenaren eta eromenaren artean igerian dabilen arima baten istorioa da. Odolekoa ez duen bere familia, panpina erraldoien irudian jasoko du ikusleak, bizitza bat antzeztu nahi duen gizon baten delirio poetiko moduan. Bakarrizketa dramatiko honetan, antzerkia eta txotxongilo-teatroa uztartzen dira, gizakiaren barneko haustura erakusteko.

Euskaltzaindiak gogoratu duenez, “Lautan Hiru antzerki-jaialdia 2019an sortu zen, hain zuzen, euskarazko antzerkia hauspotu, antzerkilariei plaza berriak eskaini eta Bilboko Zazpikaleetan euskara eta euskal kultura sustatzeko”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna