Leioako Umore Azokak 43 antzerki konpainia aukeratu ditu 21. ediziorako

Euskal Herriko zein nazioarteko konpainien 115 emanaldi eskainiko ditu jaialdiak maiatzaren 14tik 17ra.

Leioako Udalak antolatzen duen Umore Azoka kaleko artisten azokak aurtengo edizioan parte hartuko duten 43 konpainiak aukeratu ditu, eta horietatik 20 Euskal Herrikoak dira. Aurreikuspenen arabera, 21. edizioa maiatzaren 14, 15, 16 eta 17an egingo da. Koronabirusak eragindako krisiak eta alarma egoerak sortu duen zalantza hor dagoen arren, antolakuntzaren iritziz, “azken unera arte Umore Azoka ospatzeko ahaleginak egin behar ditugu, udalerrian eta inork aurreikusi gabeko egoera honen eragina oso modu gogorrean jasaten ari den arte eszenikoen sektorean duen eragin positiboarengatik”.

Aukeraketa prozesua egiteko, Azokako batzordeak 540 proposamen artistiko baino gehiago aztertu ditu, horietako asko munduko hainbat lekutatik etorritakoak. Aukeraketaren ondorioz, egitarau “anitz, orijinal eta ikusgarria” osatu da, eta bertan Euskal Herriko 20 antzerki taldek eta nazioarteko 24k hartuko dute parte.

Hala, Leioara hurbiltzen direnek antzerki, zirku, dantza, performance, musika, txotxongilo, dantza bertikal, clown, jolas, magia eta mimika arloko 115 emanaldiz gozatu ahal izango dute. Gainera, ikuskizun gehienak estreinaldiak izango dira. Horrela, ikus-entzuleez gain, profesionalek ere orain arte ikusi gabeko proposamen berritzaileez gozatu ahal izango dute.

Euskal Herriko 20 konpainiek beste horrenbeste ikuskizun eskainiko dituzte, eta horietako 10 estreinaldiak izango dira: =KI, Arriera, Deabru Beltzak, Dimegaz, El Mono Habitado, Eva Guerrero, Gag Street Boys, HIKA Teatroa, Hortzmuga Teatroa, Hutsun+Ortzi, Kolektivo Konika, La Banda Teatro Circo, Markeliñe, Muyuyay, Olatz Gorrotxategi, Proyecto Larrua, Rojo Telón, Sarini zirko, Zioamara Hormaetxe Company eta Zirkozaurre dira Euskal Herriko antzerki konpaniak.

Nazioarteko esparruari dagokionez, XXI Umore Azoka Leioak, orain arte oso ohikoak izan ez diren baina proiekzio handia izan duten merkatuetara irekitzeko apustua egin du. Horrela, Estatu espainiarreko 18 konpainia, Kenyatik, Japoniatik eta Ukrainatik heldutako konpainia bana eta Estatu frantseseko bi izango dira. Horretaz gain, Alemaniako, Belgikako edo Mexikoko profesionalak eta Portugalgo azoka nagusietako arduradunak Leioan egongo dira aurten.

 

Zabaldu: