Lekeitioko Euskal Zine Bilera online izango da aurten

43. edizioa edozein pantailatik jarraitzeko aukera izango dute zaleek eta Lekeitiora gerturatu ezin duen jendeari ate berriak irekiko dizkiete.

Euskal Herrian eta euskaraz egiten den Lekeitioko Euskal Zine Bilerak bere 43. edizioa ospatuko du aurten. Hilabeteotan bizi dugun osasun alarma egoera honek etorkizunera begirako zalantzak azaleratzen ditu eta jaialdiaren antolakuntzatik bide berriak bilatzen ari dira. Azken bi urteetan jaialdiaren inguruan egindako berrinterpretazio eta eboluzioarekin jarraituko duen edizio honek, bere barnean dituen atalak indarberrituko ditu, hainbat berrikuntza aurkeztuz. Era berean, 40+1. ediziotik gertatzen ari den bezala, euskal ikus-entzunezkoaren iragana, orainaldia eta etorkizunak bat egiten jarraituko dute.

Jaialdiaren egitura mantentzeko ahalegina egingo da, baina osasun larrialdia dela eta, ikusle eta zaleen ongizatea bermatzeko asmoz Euskal Zine Bilerak online izaera bereganatuko du aurten. Zine aretoan jende kopuru handia biltzeak arriskuak izan ditzakela kontuan hartuta, online egitura batekiko apustua egingo da. Modu honetan, Euskal Zine Bileraren edizioa edozein pantailatik jarraitzeko aukera izango dute zaleek eta Lekeitiora etorri ezin duen jendeari ate berriak irekiko dizkiete.

Antolakuntzaren arabera, “ezohiko egoeretan aurrerapausoak eta irtenbideak bilatu behar dira eta, seguraski, etorkizunera begirako tresna baliagarriak ondorioztatzeko leihoa zabalduko du erronka honek. Hori horrela, aurten esfortzu berezia egingo da Lekeitiorentzat eta euskal zinemako profesional eta zaleentzat hain garrantzitsua den jaialdia ospatu ahal izateko”.

Azaroaren 21etik 29ra bitartean egingo da Euskal Zine Bilera, eta euskarazko ikus-entzunezkoen markoaren barnean dauden eragileekin lanean jarraituko du, bertan aurkitzen diren profesional, amateur edota zaleen errealitateak hobeto ezagutzeko eta interesa izan ahal duten pertsonak erakartzeko.

Bestalde, Euskal Zine Bilera ezaguna da bere baitan hartzen duen lehiaketagatik da. Euskaraz ekoitzitako askotariko lanen erakusleihoa da, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak biltzen dituen neurrian. Hori horrela, zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak ezberdinduko dira. Eta gainera, ikusleak ere protagonista izango dira, lan bakoitzari haiek emandako puntuaketen bidez erabakiko baitute ikuslearen sari bereziaren irabazlea. Lehiaketa online formatuan egingo da, guztion ongizatea bermatzeko helburuarekin.

Sari horiek ondorengo hauek izango dira: Zuzendaritza onena 1.600,00 €; Gidoi onena 1.600,00 €; Film onena 1.900,00 €; Ikusleen saria 750,00 €

Lanak aurkezteko epea irailaren 13ra bitartean mantenduko da zabalik eta bere oinarriak zinebilera.eus webgunean egongo dira eskuragarri.

Aurkezten diren lanen artean 20 inguru izango dira aukeratuak lehiaketan parte hartzeko eta egindako lana eskertzeko helburuarekin, azken hauen egileek 200 euroko saria jasoko dute lehiaketarako hautatuak izanagatik.

Zabaldu: