(argazkia: Euskal Zine Bilera)

Lekeitioko Zine Bilerak Elena Irureta eta Ane Gabaraini emango die Euskal Zinemaren Begirada saria

Euskal Zine Bilera urriaren 19tik 22ra ospatuko dela Lekeitioko Ikusgarri zine aretoan.

Euskal Zine Bilerak jaialdiak berak ondare gisa duen balioa goraipatu nahi du edizio honetan. Aurtengoa 46. edizioa izango da, eta ibilbide luze honetan zehar emandako pausoak mahai gainean jarriko dira. “Jarraitu zinearen lorratza da jaialdia borobilduko duen lema, atzera begirada egitea bide berriak zabaltzeko”.

Euskal Zinemaren Begirada saria

Antolatzaileen esanetan, “euskal zinemagintzari norbaitek eman badio ospea horiek gure aktoreak izan dira”. Ikuspegi horretatik, Euskal Zine Bilerak urtero jartzen du bere begirada euskal ikus-entzunezkoen alorrean ekarpen berezia egin duen eragile edo pertsona batengan. Aurten, bi aktore handiren bideak berriz gurutzatu nahi ditu eta merezi duten aitortza egin eta ospatu. “Hamarkada guzti hauetan, gure iruditegia osatzeko egindako ekarpena eta euskal ikus entzunezko ondarean utzitako lorratzaren gainean jarriko dugu Euskal Zinemaren Begirada. Zehazki saria Ane Gabarain Gaztelumendi (Donostia, 1963) eta Elena Irureta Azanza (Zumaia, 1955) aktoreentzat izango da. Biak euskal zein Euskal Herritik kanpoko iruditegian lekua egin duten aktoreak dira”.

Euskal Zine Bilerak, bestalde, euskarazko zinemagintza bultzatu eta sustatzeko lana egiten du eta badaude antzerako helburua duten beste eragile batzuk ere. Hori dela eta, garrantzitsutzat ematen da horiekin ere elkarlana sustatzea. “Edizio honetan asko izango dira bidelagunak baina, berrikuntza gisa, Gasteizko Artium Museoarekin partekatuko dugu tarte berezi bat. Hala, Pantaila irekia ekimena Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoarekin elkarlanean abiatzen da Zine Elkarrizketak egitasmoaren bidez. Artium Museoko “Z” aretoan erakutsitako hiru euskal sortzaileren lanen aukeraketa bat proiektatuko da eta egileekin elkarrizketa egingo da ostean. Ainara Elgoibarren Gold 20, Maddi Barber eta Marina Lameiroren Paraíso eta Irati Gorostidi eta Mirari Echavarriren San Simon 62 filmak ikusi ahalko dira.

Garaikur berria

Euskal Zine Bilerak zinemagintzaz gain, artearen esparru ezberdinetara zabaldu nahi ditu bere mugak. Hau kontuan izanik, jaialdiaren garaikurra berritzeko deialdia egin zuen duela hilabete batzuk. Gainera, 2023tik aurrera euskal artista batek hartuko du garaikurra diseinatzeko enkargua, eta hiru urteren ostean beste sortzaile bati pasako dio testigua. 46. edizio honetako garaikurra Sahatsa Jauregi artistak (Taparica, Brasil, 1984) egin du. Ezezaguna eta ezagunaren, hurbilekoa eta urrunekoaren arteko harremanean oinarritutako pieza bat aurkeztu du Sahatsak. Julio Medemen Vacas filma ere abiapuntutzat hartuta, EZBren urrezko antzarra testuinguru berritu batean jartzeko.

Bestalde, Mari Luz Estebanek idatzitako Andrezaharraren manifestua pantaila handira eramango dute. Lehiaketaz kanpo eskainiko den film honek Mari Luz Esteban idazlearekin solasean aritzeko aukera emango du.

Zabaldu: