(argazkia: Lekuz Leku)

Lekuz Leku jaialdia Bilboko kaleetara itzuliko da ekainaren 22tik 25era bitartean

Aurtengo egitaraua osatzen duten lanek egungo dantza garaikidearen panoramaren ikuspegi orokorra eskainiko dute, bai Euskal Herrikoa eta baita nazioartekoa ere.

Lekuz Leku dantza garaikideko jaialdia Bilboko Abandoibarrara itzuliko da berriro ere, ekainaren 22tik 25era bitartean. Izan ere, azken bi urteetan, Deustuko La Fundacion aretoko terraza-begiratoki handian antolatu behar izan da, pandemiaren eraginez.

Hala, 18. edizio honetan, Guggenheim Museoaren eta Euskalduna Jauregiaren artean dagoen itsasadarraren alboko eremuan dozena bat ikuskizun taularatuko dira. Gainera, gune hori beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera izango du publikoak. Jitoan eskulturaren alboan, Pedro Arrupe pasabidearen azpian edota Evaristo Churruca kaiko nasan. Horiek dira aurtengo jaialdiak hartuko dituen agertoki ez-ohikoetako batzuk. Antolatzaileek azaldu dutenez, “publikoak jaialdiaren heliozko globo zuri handia bilatu beharko du. Izan ere, egun horietan zehar zerutik ibiliko da eta emanaldi bakoitza zehazki non den adieraziko du”.

Aurtengo egitaraua osatzen duten lanek egungo dantza garaikidearen panoramaren ikuspegi orokorra eskainiko dute, bai Euskal Herrikoa eta baita nazioartekoa ere, Pablo Girolami dantzariaren agindupean dagoen Italiako Ivona taldeari eta Poloniako Hotelokori esker. Azken horiek familientzako emanaldi koloretsua eskainiko dute, jaialdiaren helburu nagusia dantza garaikidea publiko guztiari hurbiltzea baita.

Gainera, Lekuz Lekuk espazio berezia eskainiko die txikienei. Beste lan nabarmenetako bat El espejo da, Vanesa Aibar eta Helliot Baeza dantzarien eskutik. Danza Mobile flamenko modernoaren Andaluziako konpainiak sortu du obra eta integrazioaren alde egin du oraingoan ere.

Jaialdia ekainaren 25ean amaituko da Orain guztiok egingo dugu dantza aire libreko dantza-eskola irekiarekin, Kaikuak eskulturaren inguruan. Denis Martinez Kubako Dantza Konpainia Nazionaleko dantzari ohia izango da gidaria asteburu horretan eta publikoak Kubako erritmoak ezagutuz eta praktikatuz ondo pasatzeko aukera izango du.

Kaleko ikuskizun guztiak bi egunetan taularatuko diren arren, aurtengo jaialdia lehenago hasiko dela iragarri du antolakuntzak, asteazkenean, hilaren 22an, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoaren egoitzan egingo den zinema-dantza saioarekin. Rosa (Peter Greenaway) film laburra eta L’année dernière à Marienbad (Alain Resnais) film luzea eskainiko dira. Hurrengo egunean, ostegunean, La Fundicion aretoaren eszenatokia klaustro bihurtuko da eta Arte Povera konpainairen Claustros emanaldia eskainiko da. Proposamen berezi horretan, hamar dantzari amateurrek hartu ahal izango dute parte. Hautaketa-prozesua zabalik dago jada.

Gainera, jaialdiaren baitan, Dance Highways topaketa berria izango da Bilbon. Europako proiektu horrek sei herrialdetako kultur aholkulariak eta artistak biltzen ditu bi urtez aldizka haien esperientziak partekatzeko. Oraingoan, Italia, Frantzia, Alemania, Polonia eta Norvegiako profesionalak Bilbon izango dira Lekuz Lekuren eredua, La Fundicion eta euskal artistak ezagutzeko.

Zabaldu: