XXI mende, 25 (H)illbetz bertso saioa izango da arratsaldean, Harriondoan. Kantuan, Alaia Martin, Amets Arzallus, Julio Soto, Maddi Ane Txoperena, Nerea Ibarzabal eta Peru Abarrategi ariko dira.
Bertsozale Elkarteak duela aste batzuk iragarri zituen datorren urteko Bertso Eguneko data eta lekua: urtarrilaren 25ean, Lesakan. Elkartea Bortzirietako Bertso Eskolarekin ari da elkarlanean egun osoko egitaraua prestatzen. “10:00etan jarri dugu hitzordua: Oinak Bidean ibilbidea egingo dugu Harriondoatik hasita. Ondoren, bertso-poteoa egongo da eta hainbat bertso eskolatako kideek kantatuko dute. Eguerdian luntxa egingo da Arranon, 14:30etik aurrera”, aurreratu dute.
Arratsaldeko jaialdian bertso gehiago entzuteko aukera izango da: XXI mende, 25 (H)illbetz bertso saioa izango da Harriondoan. Kantuan, Alaia Martin Etxebeste, Amets Arzallus Antia, Julio Soto Ezkurdia, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Nerea Ibarzabal Salegi eta Peru Abarrategi Sarrionandia ariko dira; gai-jartzaile lanetan, berriz, Alaitz Rekondo Ferrero.
XXI mende, 25 (H)illbetz bertso saioaren ostean ere festa giroa izango da. 20:30etik aurrera, afaria antolatuko dute sagardotegian. Eta afalostean, Manex Pagola eta Hor gu-ren bertso jarriak izango dira. Eguna biribiltzeko, DJ-a egongo da Arranon.
Arratsaldeko ekitaldirako zein afarirako sarrerak eskuragai daude jada bertsosarrerak.eus atarian. Lesakan asteburu pasa egin nahi duenarentzat, udalaren webgunean dago inguruan ostatu hartzeko lekuen zerrenda.