(argazkia: U. G. Kultur Sharea)

[Bideoa] Leslie Feinberg idazlearen ‘Borrokalari transgeneroak’ saiakera euskaratu du Fermintxo Zabaltzak

Idazle estatubatuarraren bizi guztiko laburpena da liburua. Katakrak argitaletxearekin ekarri du euskarara itzultzaileak.

Londresko liburu denda batean aurkitu zuen Fermintxo Zabaltza (Iruñea, 1974) itzultzaileak Leslie Feinberg (Kansas 1949 – Siracusa 2014) idazlearen liburu bat eta irakurri bezain laster izugarri gustatu zitzaiola aitortu du, “pertsona miresgarria iruditzen zait eta berehala erabaki nuen bere bi lan nagusiak euskaratzea”. Mari-mutil handi baten bluesa izan zen euskarara ekarri zuen aurreneko liburua 2018an. Oraingoan, berriz, Borrokolari Transgeneroak itzuli du Katakrak argitaletxearekin.

Donostian aurkeztu du saiakera eta azaldu duenez,”Feinberg-en bizi guztiko lanaren laburpena edo bilduma da”. Egileak iraultzaile komunista, transgenero, lesbiana eta judu sekulartzat zuen bere burua, “esperientzia gogor asko bizi izan zituen trans izateagatik, besteak beste”, kontatu du Zabaltzak. “Bere buruari galdetzen zion ea betidanik pertsona transak izan diren edo betidanik zapalduak izan diren”. Hortik abiatuta ikertzen eta dokumentatzen hasi zen eta horren emaitza da Borrokalari transgeneroak liburua.

Lanak begirada berri bat eskaintzen du sexuak eta generoak historian izan duten lekuaz, eta klasearekin, naziotasunarekin, arrazarekin eta sexualitatearekin dituzten erlazioez. Hori dena ezkerreko perspektiba batekin aztertu du Feinberg-ek: “transen zapalkuntza aztertu du naziotasunarekin, langile klasekoa izatearekin eta arrazarekin loturik”.

Kattalin Minerrek liburuaren hitzartzea egin du, eta bertan azaldu duenez, “hitz hauek 1996ean idatzi zituen Leslie izeneko transgenero honek eta, horrek berak ere perspektiba nahikoa ematen du irakurketak errebisatzeko. Sarri, bere esaldi borobil askoren aurrean neure burua ikusi dut duela hamarkada pare bat idatzitakoek gaur egun duten pertinentzia berresten. Transfobia ez da XXI. mende politikoki asaldatu honetako asmakizuna; borroken arteko mailakatzea ez da gure garaiko ezkerraren arrisku eta mamu berria; feminismoen eta LGTBI borroken joan-etorriko harremanak ez dira gaurko gatazkak”.

Zabaltzaren hitzetan, “liburu hau euskarara ekartzea nobedade bat da euskal irakurlearentzat, gaztelaniara eta frantsesera ere ez dagoelako itzulita”. Horretaz gain, lanak kontu ezezagun asko dakarrela dio itzultzaileak: “Ameriketako natiboen artean nahiko ezaguna da trans espresioak zeudela eta onartuta zegoen. Idazleak erakusten digu espresio horiek Europan ere bazirela eta gainera askotan borrokari lotuak, adibidez, herri lurren edo komunalen defentsari lotuak eta esango nuke gehienontzat ezezagunak zirela”.

Zabaldu: