Iazko edizioko finalistak (argazkia: Hika Teatroa)

Lezoko Antzerki Testu Laburren lehiaketan parte hartzeko epea zabalik egongo da ostiralera arte

Egitasmoak gazteak jai giroan eta modu parte-hartzailean arte eszenikoetara erakartzea eta hurbiltzea du helburu.

Iaz Lezoko Antzerki Testu Laburren 1. Lehiaketak izandako arrakastaren ondoren, HIKA teatroak eta Lezoko udalak bigarren edizioa jarri dute martxan. Aintzane Intxaurraga antzerki konpainiako zuzendariak aipatu duenez, “iazkoaren antzekotasun handiak izango ditu aurtengoak ere”.

Aurkeztutako lan guztien artetik sei hautatuko dira: “Testuen luzera gutxienez hamar minutuko piezak egiteko baliagarri izan behar da, 15 minutuko mugarekin, eta derrigorrezkoa da bi pertsonaia agertzea. Azkenik, Lezo modu zuzenean edo zeharka agertu beharko da. Gainera, testuek komedia, tragikomedia, eta absurdoaren alorreko izaera izan beharko dute”, zehaztu du antolakuntzak.

Proiektu hau, HIKA Teatroa Lezoko herrian garatzen ari den Lezo Eszena izeneko bitartekaritza, sentsibilizazio eta publiko berriak sortzeko programaren barne kokatuta dago eta, besteak beste, “gazteak jai giroan eta modu parte-hartzailean arte eszenikoetara erakartzea eta hurbiltzea” du helburu.

Horren haritik, epai mahai batek aukeratuko ditu sei testu finalistak. Horietatik bi gutxienez 35 urte baino gutxiago duten dramaturgoenak izatea balioetsiko da. Hizkuntza aldetik, lau gutxienez euskaraz izan beharko dira eta generoari dagokionez, parekidetasuna ziurtatutako da.

Sei pieza labur hauek, bigarren fase baten lehiatuko dira, irakurketa dramatizatu moduan, urriaren 5an egingo den kale jaialdian. Horretarako 6 aktoreen (3 profesional eta 3 herri mailako antzerki taldekide edo interpretazio eskoletako ikasle) eta 3 zuzendari profesionalen partaidetza izango da irakurketa dramatizatuak prestatu eta festa giroan publikoaren aurrean eskaintzeko. Testu irabazlea, publikoak berak erabakiko du zuzeneko bozkarekin.

Antolatzaileen esanetan, helburua, joan den urteko lan kopurua gainditzea da.

Parte hartu nahi duenak irailaren 6ra arte izango du testuak aurkezteko aukera, PDF formatuan, mdimalta@lezo.eus helbidera. Oinarriak www.hikateatroa.eus eta www.lezo.eus webguneetan daude.

Iazko edizioa

Pasa den urteko edizioko lan finalistak:  Xabi Payaren Erga tibo pum (Irabazlea), Oier Guillanen Ukondoa, Ainhoa Mariezkurrenaren Intxaurrak, Iñaki Ciden Amaren arropa zuria, Hegoa Alvarezen Beharrez egin dut eta Garazi Urkolaren 1’13.

Zabaldu:

Utzi erantzuna