Finala urriaren 4an izango da Lezoko Herri Eskolako patioan.
Guztira hamaika antzerki testuk hartu dute parte Lezoko hirugarren Antzerki Testu Laburren Lehiaketan, eta epaimahaikide diren Mireia Gabilondo (aktorea, zuzendaria eta gidoigilea), Mikele Urroz (aktorea eta sortzailea) eta Agurtzane Intxaurraga (zuzendaria eta dramaturgoa) elkarrekin bildu ondoren, elkarren artean lehiatuko diren sei antzerki testuak aukeratu dituzte.
Testuak aukeratzerako orduan kontuan hartutakoak hauexek izan dira: testuen kalitatea (hizkuntzaren erabilera, pertsonaien eta istorioen garapena, erritmoa); egileen arteko parekidetasuna (hiru emakumezko, hiru gizonezko), eta azkenik, adina (bik 35 urte baino gutxiagokoak izan behar dute).
Hauek izango dira urriaren 4an partidan lehiatuko diren egileak: Eneritz Artetxe Aranaz; Marcos Goikolea Unzalu; Xabin Fernandez Zubeldia; Goiz Eder Iturain Aramendi; Jurgi Sarasola Artola; eta Idoia Garzes Aldazabal.
Arte eszenikoen festa
Sei antzerki testu laburrak urriaren 4an Lezon ospatuko den arte eszenikoen festan lehiatuko dira. Testu bakoitzaren irakurketa dramatizatua egingo da Euskal Herriko hiru zuzendari handi eta sei aktoreren eskutik.
Antolatzaileek adierazi dutenez, “festan parte hartuko duten profesionalen zerrenda luzea da. Hau osatzeko kontutan hartu da Euskal Herri osoko profesionalen partaidetza, genero parekidetasuna eta gazte sortzaileen presentzia. Musikaz eta kulturaz betetako eguna izango da, eta testu irabazlea publikoaren bozkarekin erabakiko da”.