Eñaut Agirre filosofoak eta Iñaki Sanz-Azkue biologoak idatzi dute lana. Espezie bakoitzaren Hernaniko izenak eta aldaerak, beste euskalki batzuetako izenak eta euskara batukoak aipatzen dira liburuan: guztira, euskarazko 600 izenetik gora.
“Liburu zientifikoetan ez dagoen hori” dakar Gure faunari eta florari begira liburuak. Orotara 150 espezieren deskribapenak jasotzen dira, baina “ikuspegi berezi batetik”. Hala azaldu dute Eñaut Agirre filosofoak eta Iñaki Sanz-Azkue biologoak, Dobera Euskara Elkarteko eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kideekin egin duten aurkezpenean. Egileek azken urteetan Hernani, Ereñotzu eta inguruetako herritarren ahotik jasotakoak bildu dituzte argitalpen honetan.
300 orrialdeko liburu mardula osatu dute Agirrek eta Sanz-Azkuek eta espezien deskribapenak fitxaz fitxa, bost taldetan banatu dituzte: arrainak, anfibioak, narrastiak, txoriak eta ugaztunak. Espezie bakoitzaren Hernaniko izenak eta aldaerak, beste euskalki batzuetako izenak eta euskara batukoak aipatzen dira liburuan: guztira, euskarazko 600 izenetik gora. Horrez gain, izen zientifikoa, gaztelaniazkoa eta frantsesezkoa ere badakartza. Baina izenez oso harago doan liburua dela nabarmendu dute. “Herritarrek espezie horiez esandakoak biltzen ditu, naturarekin erabateko loturan bizi diren herritarrek euren begiz ikusirikoak edo etxean entzundakoak, usteak, kondairak, istorioak…” Horregatik, 150 fitxaz gain, aparteko 20 fitxa ere badira era horretako kontu berezienekin.
Egileen esanetan, “hizkuntzak eta naturak bat egiten dute liburu honetan. Euskaraz ulertu beharreko liburua da, euskaraz kontatua delako. Euskalkiek ere leku berezia dute liburuan, beste herri batzuetako aipamenak ere eginez, euskal literatura historikoan esan direnak ekarriz… ez soilik hernaniarrek, baizik eta euskaldunek natura nola ikusi duten jasotzen da, neurri batean. Bizitza ulertzeko modu bat, inguruari begiratzeko modu bat eta bizitzeko modu bat bildu nahi izan dituzte bertan”.
Liburuak ez du ikuspegi zientifikorik, baina zientzialari eta biologo askoren begiek errepasatu dute, behin eta berriz, bertan esaten denaren eta gaur dakigunaren oreka bilatu nahian, nolabait.