(argazkia: Euskararen Etxea)

‘Liburuaren arbola’ erakusketa Iruñera helduko da urtarrilaren 13an

Liburuaren izaera azalduko du erakusketak: hizkia, idazketa, diseinua, inprimaketa. Bisitariak ezagutuko du hizkiek nolako anatomia daukaten, testuek nolako formak hartzen dituzten, liburuak zein parte dauzkan eta nola izendatzen ditugun euskaraz.

Liburua bera zer den ulertu eta bere garrantzia azpimarratzeko asmoz, Bilboko Euskararen Etxeak Liburuaren arbola izeneko erakusketa ibiltaria abiatu zuen duela bi urte pasatxo, Portugaleten. Orain, Iruñera egin du jauzi Karrikiri Elkartearen eskutik eta hilaren 13tik 23ra Hizkuntza Eskola Ofizialeko areto nagusian bisitatu ahal izango da.

Erakusketak liburuaren atal nagusiak erakusten ditu: letraren anatomia, testuaren fisiologia eta liburuaren biologia. Horretaz gain, liburuan parte hartzen duten eragileak aztertzen ditu: idazlea, editorea, irakurlea, inprenta eta, aldi berean, herritarrei euskal literatura eta argitaletxeen ekoizpenera hurbiltzen laguntzen die.

Gorka Arrese editoreak antolatu du erakusketa eta bisita gidatua egingo du urtarrilaren 20an, arratsaldeko 17:30ean.

Liburuaren Arbola erakusketa

Azaldu dutenez, “gizakiak sortu duen gauza unibertsaletako bat da liburua. Beste batzuk dira, adibidez: gurpila, aulkia, artaziak, anestesia, elektrika. Historiako lehen hedabide masiboa da liburua: aurreneko objektu industriala. Liburua inprimategian saldoka egiteari esker mundua bizkor aldatzen hasi zen XV. mendetik aurrera. Liburuetan esperientziak eta jakintzak elkarrekin trukatuz eta itzuliz, era askotako aurrerapenak egin ziren denbora laburrean”.

Erakusketak liburuaren izaera azalduko du: hizkia, idazketa, diseinua, inprimaketa. Bisitariak ezagutuko du hizkiek nolako anatomia daukaten, testuek nolako formak hartzen dituzten, liburuak zein parte dauzkan eta nola izendatzen ditugun euskaraz. “Zuhaitz baten modukoa da liburua. Arnasa ematen du: babesa eta itzala, edertasunaren plazera eta argiaren sintesia. Liburuak zure jakin mina, pentsamenduak eta hizkuntza oxigenatzen ditu. Liburua zabaldutakoan, besarkatu egiten zaitu: zure irudimena eta inteligentzia kilikatzen ditu. Abentura bat da irakurtzea, desiraren eta askatasunaren lurralde zirraragarrietan barrena”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna