Liburuaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, hainbat jarduera antolatu ditu Iruñeko Karrikiri Elkarteak

Iruñeko azokan parte hartzeaz gain, Euskal Herriko Historia Ilustratua bilduma eta Hika eta toka. noka ere toka! liburua aurkeztuko dute Karrikiri Elkartean bertan.

Apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Iruñeko Karrikiri elkarteak eta dendak hainbat liburu aurkezpen antolatu ditu.

Alde batetik, Liburuaren Nazioarteko Egunerako Iruñean antolatuko den liburu azokan parte hartuko dutela iragarri dute elkarteko kideek, bertan euskaraz sortuak eta euskaratuak izan diren haur, gazte eta helduentzako liburuak egongo dira eskuragarri. Azoka Carlos III. ibilbidean izango da, apirilaren 23an 10:00etatik 21:00etara bitartean.

Horretaz gain, hiru jarduera antolatu dituzte. Alde batetik, Egile Berrientzako Literatura Lehiaketa 2022. Apirilaren 25ean, arratsaldeko 19:30ean, Joxe Aldasoro, Iker Tubia eta Ainara Tirapu iazko saridunek hartuko dute parte Karrikiri Elkartean. Maddi Ane Txoperena ariko da aurkezle lanetan.

Bestetik, Euskal Herriko Historia Ilustratua bildumaren aurkezpena izango da apirilaren 22an, goizeko 12:00etan Karrikirin bertan hau ere. Honetan, Joseba Asiron idazleak eta Martin Alzueta Martintxo ilustratzaileak hartuko dute parte.

Amaitzeko, apirilaren 27an, Hika eta toka. noka ere toka! izeneko liburuaren txanda izango da. Hiketan ikasteko eta gure herria hobeki ezagutzeko auzolanean egindako liburua da honakoa. Bertan, Fernando Oiartzun egilea eta Inma Zestau Baraibar aurkezlea izango dira lana aurkezten, arratsaldeko 19:30ean.

Zabaldu: