Helduen eta haurrentzako jarduerak egongo dira egunean zehar. 12:00etan, esaterako, Itziar Ugartek Harkaitz Cano aurtengo azokako idazle gonbidatua elkarrizketatuko du, eta ondoren irakurleen liburuak sinatuko ditu.
Apirilaren 23an Liburuaren Nazioarteko Eguna izango da eta Donostia Kulturak Liburu denden elkartearekin batera, Azoka antolatuko du Gipuzkoa plazan.
Liburu denden ohiko hamabi salmahaiez gain, Donostiako Liburutegi Zerbitzuak informazio gune bat izango du Azokan. Bertan eguneko programari buruzko informazioa eskainiko du, baita liburutegien zerbitzuei buruzkoa ere. Hurbiltzen direnentzat orri-markatzaileak egongo dira eskuragarri, Ana G. Lartitegui ilustratzaileak liburuaren eguna dela-eta egin duen diseinua. Karpa horretan jarduerak garatuko dira.
Gainera, Aspargi Gipuzkoako Parkinson Elkarteari esker, Salsa para tu coco liburuaren aleak oparituko dira liburuak erostean txartel saritua lortzen dutenei. Liburutegietan ere liburu honen aleak oparituko dira.
Liburuaren Nazioarteko Eguneko jarduerak
Helduen eta haurrentzako jarduerak egongo dira egunean zehar. 12:00etan, esaterako, Itziar Ugartek Harkaitz Cano aurtengo azokako idazle gonbidatua elkarrizketatuko du, eta ondoren irakurleen liburuak sinatuko ditu. 2024a, bigarren urtea izango da Azokak idazle gonbidatua izango duena. “Harkaitz Cano sorkuntza prozesu askotan egon da murgilduta azken urteetan, eta Liburuaren Nazioarteko Eguna den honetan bereziki nabarmendu nahi ditugu bere azken liburuak: Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez (2023), Ulu egiteko bolondres bila (2023), eta Ni ez naiz Mikel Laboa (2022), komikiaren gidoilaria kasu honetan, Unai Iturriagarekin batera. Liburu horren ilustrazioak Joseba Larratxerenak dira, eta azken Euskadi Literatura Saria irabazi du lan horrengatik.
13:45ean Luis Maria Jimenez de Aberasturik Javier Sada Donostia hiriko kronistari elkarrizketa egingo dio. Inprimatutako egitarauan ez da agertzen, beranduago lotu zelako saioa.
Azken orduan, 19:00etan, Liluratu! Irakurle taldeen gomendioak saio parte-hartzailea egongo da. Donostia Kulturako irakurketa klubeko gehienetan, azken hilabete hauetan, irakurri dituzten liburuetatik bat aukeratu dute. Testu horien pasarte bana irakurriko dute talde bakoitzeko ordezkari batek eta Ylenia Benitok gidatuko du saioa. Antolatzaileek aipatu dutenez, “proiektu honen hazia 2023ko urriaren 24an egin zen tailer batean dago. Data horretan Liburutegien Eguna ospatu zen Donostian, eta askoren arteko parte-hartzearen ondoren, Liburuaren Egunean izango du helmuga”. Taldeek gomendatutako liburuekin gida bat osatu da.
Jarduera guztiak Donostia Kulturako karpan izango dira. Dena den, ibilaldi literarioak, aurreko edizioetan bezala, Azokatik haratago eramango gaitu. Luis Martin-Santos idazlearen jaiotzaren mendeurrenean, Javier Mina idazleak ibilbide literario bat egingo du Tiempo de silencio liburuaren egilearen arrastoei jarraituz. Taldea 10:30ean aterako da azokatik, eta parte hartzeko eskaera egin beharko da alderdiederliburutegia@donostia.eus helbide elektronikora idatzita.
Bestalde, haurrentzako arratsaldeko ipuin kontaketa berezia nabarmendu du nahi izan du Donostia Kulturak. Ixabel Agirresarobe Amona Tomaxa izango da, eta 2023. urtean Donostiako liburutegi sareko mailegu zerbitzuan liburu gehien hartu zituzten hamar haurrei emango die saria. Saritu bakoitzari 30 euroko bono-txartel bana emango zaio, Donostiako liburu dendetan liburuak erosteko.
Egun berezi honi amaiera emateko, Victoria Eugenia Antzokiko Club aretoan 19:00etan Mercedes L. Caballeroren 10 emakumek, mundua dantzan haurrentzako liburu ilustratuaren aurkezpena izango da.