Liher taldea, Uxue Alberdi edota Bernardo Atxaga biharko Durangoko Azokako egitarauan

Bihar ibilbide luzeko sortzaileak eta artista hasiberriak ere egongo dira Landakon zein Plateruenan. Besteak beste, Zetak, Uxue Alberdi, Bernardo Atxaga, irakurketa dramatizatuak, Trikidantz, ipuinen aurkezpenak…

Azokako hirugarren eguna igarotzear da eta gaur ere erritmo bizia egon da Landako Guneko online dendako biltegian. 24 orduz lanean egon dira biltegiko langileak lana aurreratzeko eta paketeak sortzaileengana eramateko. Hainbat produktu agortu dira jada biltegian, eta hainbat sortzaile, argitaletxe eta diskoetxe gerturatu dira Landakora produktu gehiago ekartzera, berriro ere dendan eskuragarri egon daitezen.

Online denda bor-bor dagoen bitartean, Azokako egitaraua ere ez dago geldi. Egunero bezala, familiei begirako jarduerekin hasiko da bihar, eguna Landakon: Familia desberdinak, esku desberdinak, Zirimiria liburua, Amona Tomaxaren abenturak… 12:00etan, berriz. mahaingurua egongo da Digitalizazio prozesua eta kultur jarduera hizpide. Amaia Ocerin, Oier Etxeberria eta Sabin Bikandi izango dira partehartzaileak, Diana Francok gidatuta. Literaturari dagokionez, Uxue Alberdi, Bernardo Atxaga, Fernando Rey eta Karlos Otegi izango dira, besteak beste. Amaitzeko, 19:00etan Karrika antzerki taldeak Hitzpilu Ganbila irakurketa dramatizatuak egingo ditu.

Plateruenari dagokionez, bihar ere aniztasuna izango da nagusi. Oholtzara igoko dira Nax Agirre, Trikidantz, Miren eta Roberto Etxebarria, Dena, Etorkizun Beltza, Hibai, Eli eta Manex Pagola, Liher eta Zetak taldeak. Landako zein Plateruenako egitarau osoa Azokako webgunean jarrai daiteke streaming bidez.

Durangotik kanpora ere hainbat kontzertu egongo dira bihar. Bilboko Euskalduna Jauregian, esaterako, Ene Kantak izango da 12:00etan eta Zea Mays 19:00etan. Emanaldi bietarako sarrerak agortu dira. Donostiako Doka Kafe Antzokian Raitx eta Burrundaria ikusteko sarrera guztiak amaitu dira. Bermeoko Kafe Antzokian Joseba Irazoki eta Ironen Ero Ni arituko dira; eta Amurrion Sara Zozayaren kontzertua izango da. Azken bi kontzertu horietarako sarrerak oraindik eros daitezke webgunean.

Zabaldu: