Liher taldeak etenaldi luze bat egingo duela iragarri du

Aurretik, ‘Hortzak’ kanta eta bideoklipa aurkeztu ditu talde donostiarrak, laster kaleratuko duen Versus izeneko diskoaren bigarren aurrerapena. Abesti honen eta maxi-singlearen argitalpenarekin batera, taldeak Eta hutsa zen helmuga lanaren bira amaiera iragarri eta etenaldi luze bat egingo duela adierazi du.

Liher taldeak Hortzak izeneko bigarren aurrerapen kantua aurkeztu du, “hardcorea eta punk-a nahasten dituen pieza amorratua”. Oraingoan, gainera, Sua taldeko Ane Barrenetxea izan dute lagun. Abestia ostiraletik dago eskuragarri plataforma digitaletan, eta Badator-ek ekoitzitako eta Berriotxoak berak zuzendutako bideoklip batekin aurkeztu zuten.

Laukoak otsailean kaleratu zuten Eramaten izeneko balada melodiko progresiboaren ondoan, abesti frenetiko berri honek ezberdintasun bat markatzen duela diote taldekideek, “berriro ere Liherren esentziara itzultzen da”. Bi abesti hauekin osatuko duten zazpi hazbeteko biniloak (maxi-singleak) Versus izenpean kaleratuko dute, kontraste horri keinua egin nahian. “Durangoko Azokarako egongo da prest fisikoan binilo txikia”, zehaztu dute.

Bira amaiera eta etenaldia

Kantu berri honen eta maxi-singlearen argitalpenarekin batera, taldeak Eta hutsa zen helmuga lanaren bira amaiera iragarri eta etenaldi luze bat egingo duela adierazi du. Etenaldi horren aurretik, agur kontzertu batzuk eskainiko ditu Euskal Herrian datorren urtearen hasieran. Hala, urtarrilaren 26an Gasteizko Jimmy Jazz aretoan izango dira, otsailaren 15ean, berriz, Bilboko Kafe Antzokian eta Martxoaren 2an Donostian.

 

Zabaldu: