Lamiak hirukote donostiarrak zabalduko du kontzertua gaueko 21:00etan, Intxaurrondoko Kultur Etxean.
Liher taldeak urtarrilaren 29an aurkeztuko du Eta hutsa zen helmuga izeneko lana, Donostian. Sei urteko ibilbidean, laugarren diskoa dute musikari donostiarrek eta Nor zaren ere abestiaren bideoklipa Intxaurrondo Kultur Etxean bertan grabatu zuten. Sendo hasi den Lamiak hirukote donostiarrak zabalduko du kontzertua.
Laukoteak iazko otsailaren 28an Hemen herensugeak daude lana kaleratu zuen eta bi asteren buruan, munduaren erdia parentesi amaigabe batean sartu izanak eragindako shock emozionala baztertzen saiatu zen. Baina, ahaleginak ahalegin, sortzen zuten riff oro, atmosfera oro eta kontzeptu oro zen haiek momentu horretan bizitzen ari ziren horren adierazle. “Ukaezina da bizitako haustura, baina bakoitzak horren aurrean bide ezberdina egin du, baita ikaspen ezberdinak erdietsi ere”, eta taldekideek haiena(k) kontatzera datoz oraingoan. Diotenez, helmuga batera iritsi baitira, eta helmuga hori “hutsa” da. “Sortzen jarraitzera bultza besterik egiten ez duen hutsa”.
Kostata bada ere, aurreko lanarekin pandemia garaian 35 kontzertu emateko aukera izan du rock taldeak, baina antzua izatera kondenatua zegoen garai horri buelta emateko, bi urte bete ez dituen zikloari agur esan eta berriz ere jaiotzeko aitzakia hartu dute, hamaika kantuz osatutako disko berri batekin.
Eta hutsa zen helmuga lanaren hezurduran, hasiera- eta bukaera-mugarri gisa, aldez aurretik negatiboak diren baina horietatik ikaspen baikorra atera daitekeen bi kontzeptu erabili dira: hasieran, haustura; amaieran, hutsa. Haustura Kintsugi izeneko filosofia japoniarrarekin adierazi da, hala du izena lehen abestiak, zeinak hautsitako objektuei osorik daudenei baino balio handiagoa ematean datzan. Diskoaren lehen erdian, beraz, taldearen eta norberaren hausturei, beldurrei eta atsekabeei buruz eta horiek konpontzeko kemenari buruz hitz egiten dute.
Apurka-apurka, ordea, bigarren erdian dramaren erdian kolektibotasuna aurkitzeak duen eraginaz mintzatzen hasten dira, harik eta norberaren eta gizartearen konpontze prozesu horretan huts sendatzaile baten terrenoan sartu arte. Amaierako abestiak, huts horren inguruan “filosofatzeko”, Oteizak bere entseguetan ikertutako huts espazialaz, euskal arimaz eta gure arbasoek harrespilekin zuten harremanaz mintzo dira.
Lana udan grabatu zuten Garate Estudioetan, Kaki Arkarazoren eskutik, eta Victor Garciak masterizatu du Ultramarinos Mastering-en. Lanaren diseinua berriz, Fran Rodriguez La cabeza en las nubes artistak egin du.
Taldeak adierazi duenez, “luxuzko kolaboratzaileekin” etorri da oraingo honetan: Noa Eguiguren (Noa & The hell drinkers) Ain’t no Lullaby abestian, Lidia Insausti (Sky Beats, Arima Soul) Hasi abestian, Alain Martinez (Dinero, Qverno) Mairubaratza abestian eta Miren Narbaiza (Napoka Iria, Mice) Orri zuri batek abestian.