(argazkia: Donostia Kultura)

Literaktum jaialdia azaroaren 8tik 21era izango da, Donostian

Aurtengo jaialdia literaturaren eta memoriaren arteko loturen isla izango da.

Literaturara beste hizkuntza eta diziplina batzuekin eta eztabaidarik gaurkoenekin batera hurbiltzea du helburu azaroaren 8tik 21era Donostian egingo den Literaktum letren jaialdiak. Egitarau zabalean, diziplina ugarik izango dute tartea, guztiak ere literaturarekin elkarrizketan. Hitzaldiak, solasaldiak, eztabaidak, ikastaroak, erakusketak eta antzerkia, besteak beste izango dira.

Antolatzaileek azaldu dutenez, “literaturaren eta gizartearen arteko konexioak arakatzeko ahaleginari helduko dio aurten ere jaialdiak, hori baita bere ezaugarrietako bat bidea abiatu zenetik”. Hala, memoria da aurtengo gaia.Idazleek memoria zein modutan erabiltzen duten, zenbateko pisua duen memoriak beren sorkuntza prozesuan, edo zenbateraino aldentzen diren bizi eta sentitu izandakoaz istorio berriak sortzeko, horiek izango dira solasaldirako abiapuntu batzuk”.

Gai horren harira jarduteko, nazioarteko literaturaren izen esanguratsuak izango dira jaialdian. Horien artean dira: hainbatetan Nobel Sarirako hautagaia izan den David Grossman israeldarra, 2016ko Goncourt sariaren irabazlea, Leila Slimani frantziarmarokoarra, edota Marta Barone eta Paolo Giordano italiar idazle gazteak eta Isabela Figueiredo portugaldarra.

Luis Landerok ere hartuko du parte Literaktumen eta baita familiaren memoria gorabeheratsua jaso duen Borja Ortiz de Gondrak. Jordi Amat, Maria Dueñas, Edurne Portela, Javier Cercas, Maria Belmonte eta Manuel Jabois ere izango dira jaialdian.

Euskal literaturak ere presentzia nabarmena izango du jaialdian. “Labetik ateratzear dauden euskal sorkuntzez hitz egingo dugu Eider Rodriguez eta Kirmen Uriberekin eta duela 100 urte sortu zen Martin Ugalde, XX. mendearen bigarren erdialdeko euskal kulturaren arloko figura garrantzitsuenetakoa gogoratuko dugu Anjel Lertxundiren ahotan”.

Aurelia Arkotxak eta Jean Desy idazle quebectarrak akulturazioa, kolonialismoa eta kultur aniztasunaz diotena entzuteko aukera ere egongo da, Etxepare Institutuaren eskutik.

Bestalde, Irati Jimenezen Begiak zabalduko zaizkizue lanean oinarrituta, Euskal literaturaren historia sobrenatural bat ikuskizuna taularatuko du idazle mundakarrak.

Izango dira diziplina arteko beste proposamen batzuk ere, literatura beste hizkuntza batzuekin elkartuko den unea; hala nola, Unisonoa-n, Los hermanos Machado antzezlanean edo Dylan dosian. Luis Buñuelen film baten gaineko Harkaitz Canoren azken lanak, biografia eta karigrafia ikastaroek, irrati tailer batek, erakusketek, Lauki Makala instalazioak osatzen dute programa zabala.

Amaitzeko, urtez urte hazten doan Literaktum Txikia ere izango da aurten programazioa zabalarekin: Harry Potterren inguruko ilustrazio lehiaketa, antzerkiak, ipuin kontalariak, festa, tailerrak… Gonbidatu berri bat ere izango du: Xagutxo Gaztaberria, txikienei udal liburutegiak aurkeztuko dizkien pertsonaia. Eider Eibar ilustratzaileak margotutako pertsonaiak haurren udal liburutegiak aurkeztuko dizkie txikieneei Xabier Olasok idatzitako istoriotxo baten bitartez.

Zabaldu: