Harkaitz Cano eta Trizak (azaroaren 29an); Oskarbi (abenduaren 13an); Olatz Prat, Joxan Goikoetxea eta Iosune Marin (2022ko urtarrilaren 17an); Katixa Agirre eta Maite Larburu (otsailaren 21ean); eta Esti eta Mikel Markez (martxoaren 21ean).
Literatura eta Musika Euskaraz zikloa Arriaga antzokiko foyerrera itzuliko da berriz ere. Iaz, pandemiaren ondorioz, agertokian egin behar izan zuten. “Foyerrera itzultzeak, zalantzarik gabe, mesede egiten dio ziklo honetan aurkezten diren proposamenen giro bereziari, erosoagoa eta intimistagoa izango baita. Ikuskizunen estiloagatik edota ezaugarriengatik ere aproposagoa da espazio eder hau”, diote antolatzaileek.
2021/2022 denboraldi honetan bost ikuskizun eskainiko dira zikloaren barruan: lehenena azaroan bertan izango da, hilaren 29an, hain zuzen ere. Egun horretan, Harkaitz Cano idazleak ahotsa jarriko die Raymond Carver poetaren testuei, Trizak musika hirukoteak lagunduta. Hasier Oleagak (bateria), Julen Izarrak (saxoa) eta Jon Pirisek (kontrabaxua) Canoren irakurketa eta interpretazioa girotuko dituzte. Canok euskaratu ditu Carverren poemak. Zerbait gertatzera doa edozein unetan izeneko ikuskizunak Bilboko antzokian izango du estreinaldia.
Aurtengo bigarren eta azken hitzordua Oskarbi taldearen kontzertua izango da. Euskal talde mitikoak bere ibilbide luzearekin jarraitzen du (1966-2021) eta oraingo honetan Kantua zueri diskoa aurkeztuko du taula gainean.
Zikloak 2022an jarraituko du
Urtarrilaren 17an iritsiko da zikloaren hirugarren emanaldia. Honetan, Shakespeareren sonetoak euskaraz entzuteko aukera egongo da Oro aski ez izeneko errezitaldiarekin: Olatz Prat eta Iosune Marin abeslarien eta Joxan Goikoetxea instrumentistaren eskutik izango da.
Otsailaren 22an, berriz, Katixa Agirre idazleak eta Maite Larburu musikariak Kax-Kax-Kax! izeneko errezitaldia eskainiko dute. Ikuskizunak bizitza ireki eta ixten diren ateak direla gogorarazi nahi du Kax-kax-kax! onomatopeiaren bidez, ate horietatik sartu ala ez. Obrak idazlea eta musikaria ditu protagonista.
Zikloari amaiera emateko, Esti eta Mikel Markez igoko dira oholtzara martxoaren 21ean. Aita-alabek Azal berritzen diskoa argitaratu zuten iaz. Bertan hamar kantu bildu zituzten: Estik sortutako bost kantu berri eta Mikelek sortutako beste bost. Alegia, diskoaren sorkuntza prozesua erdibana burutu zuten, baina bi artistek batak bestearen kantu batzuetan ere parte hartu zuten kantari eta musika jotzaile gisa.
Sarrerak bihartik aurrera egongo dira salgai
Bihar, azaroak 12, jarriko dira salgai ikuskizunetarako sarrerak webgunean eta leihatilan.