Eider Rodrigrez 'Eraikuntzarako materiala' liburuaren aurkezpenean (argazkia: Kultur Sharea)

‘Literatura geraldiak’ ekimena aurkeztu dute Nafarroako hainbat eskualdetan

Hiru jarduera mota izango dira: literatura solasaldiak, lantegiak, eta hitzaldiak eta hauetan Joseba Sarrionandiak, Eider Rodriguezek eta Iratxe Retolazak hartuko dute parte, besteak beste.

Literaturarekin eta irakurzaletasunarekin lotutako ekimena abiatu dute berriro ere Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Baztango Udalak, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak eta Sakanako Mankomunitateak. Literatur Geraldiak du izena ekimenak eta euskaraz irakurtzeko ohitura eta zaletasuna zabaltzea, herritarren euskarazko kultur kontsumoa indartzea, euskal liburugintza indartzea, liburutegi publikoen erabilera bultzatzea eta esperientzia literarioa elkarbanatzea ditu helburu.

Guztira hamabi ekitaldi antolatu dira, gehienak literatura solasaldiak eta lantegiak,  baita hitzaldiak ere.

Literatura solasaldiei dagokienez,  apirilaren 27an, osteguna, Nerea Ibarzabalen Bar Gloria liburuaren inguruko solasaldia izango da Arantzako Liburutegian, 11:00etan.

Hiru hitzaldi ere antolatu dituzte: apirilaren 19an, asteazkena, Iratxe Retolazaren eskutik Irakurbide feministak euskal literaturan solasaldia Elizondoko Liburutegian, arratsaldeko 18:00etan. apirilaren 21ean, berriz, Egoerak eta liburuak solasaldia Joseba Sarrionandiarekin Berako Liburutegian, 18:00etan eta apirilaren 26an Eider Rodriguez idazleak Idazleen gorputzak solasaldia, parte hartuko du Elizondoko Liburutegian, 18:00etan.

Amaitzeko bi lantegi prestatu dituzte bigarren edizio honetarako: apirilaren 1ean, Nola iruzkindu liburu bat ikastaroa Mikel Ayerberekin Lesakako Arrano Elkartean, 10:00etan, eta apirilaren 19an, Yolanda Arrietaren eskutik idazketa tailerra Leitzako Liburutegian, 18:30ean.

Zabaldu: