(argazkia: Ondarroako Udala)

Literatura ibilbideen ‘Kalian gora, maria behera’ egitasmoa aurkeztu dute Ondarroan

Helburua herrian dagoen maila altuko euskal idazleak goraipatu eta beraien sorkuntzaren bidez, euskara ardatz hartuta, herriaren ezagutza, literatura eta turismo jasangarria sustatzea da.

“Ondarroa idazle handien sorlekua da eta gainera idazle horiek herritik idatzi dituzte euren lan ezagunenak”, adierazi du bertako Udalak. Hari horri tiraka sortu zen duela urtebete Kalian gora, maria behera proiektua. Honetan, herriko idazleek euren lanetan oinarritutako literatura ibilbideak sortu dituzte herria ezagutzera emateko. “Ondarroa kresalez bustitako herria da eta herriko idazleak ez dira salbuespena. Denetan igartzen da herri arrantzalea garela eta hori erakutsi nahi diegu hurbiltzen diren guztiei”, azaldu dute antolatzaileek.

Lehen edizio honetarako ibilbideak Kirmen Uribek eta Ana Urkizak egin dituzte eta datorren urtekoak Mikel Etxaburuk eta Leire Bilbaok egingo dituzte. “Lehengo eta oraingo idazle ondarroarrekin urtero bi ibilbide berri gehitzen joatea da asmoa”, azaldu du Urtza Alkorta alkateak.

Proiektuaren aurkezpenarekin batera lehen bi ibilbideak ere ezagutzera eman dituzte Uribek eta Urkizak. Uribek Bilbao-New York-Bilbao eleberrian oinarrituta sortu du bere ibilbidea eta Urkizak Ondarroako Piratak lanean oinarrituta. Ibilbide bakoitzak sei geraleku izango ditu eta horien bidez herriko kale, txoko eta istorioak ezagutzeko aukera egongo da.

Azaldu dutenez, “ibilbide guztiak Kantoipe errebueltako zero gunean abiatuko dira; bertan daude plaka nagusiak. Hortik abiatuta, ibilbide bakoitzak kale eta istorio desberdinetatik eramango ditu herritarrak zein bisitariak. Geraleku bakoitzean plaka bat dago non QR kode bat eskaneatuz idazleak berak leku horren eta bere nobelaren pasarte baten arteko lotura egiten duen. Plakak euskara hutsean daude, eta QR kodea eskaneatuz gazteleraz, ingelesez, katalanez eta galegoz ere entzun ahalko dira kontakizunak. Idazle bakoitzak sei plakaz osatutako ibilbidea dauka”.

QR guztiek udalbarriak.eus webgunearen baitan dagoen atal berezi batera zuzenduko dute irakurlea: Literatur ibilbideak

Udal euskara sailetik bideratu da proiektu hau eta helburua herrian dagoen maila altuko euskal idazleak goraipatu eta beraien sorkuntzaren bidez, euskara ardatz hartuta, herriaren ezagutza, literatura eta turismo jasangarria sustatzea da. “Euskaraz sortzen duen herri bat gara eta ondasun hori agerian utzi nahi dugu, bai herritarren aurrean eta baita bisitarien aurrean ere”, adierazi du Alkortak. “Ondarroan harro egoteko moduko herria eta herritarrak” daudela gaineratu du alkateak eta egitasmo honek euskal kulturaren eta euskarazko sormenaren mapan “are garbiago” kokatzen duela herria. “Proiektu honek aukerak zabaltzen ditu: tresna bat da, denon eskura dagoena eta literatur gosea daukan edozeinentzat da aproposa; ikastetxe, euskara ikasle, herritar, bisitari…”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna