Osasun-larrialdia dela eta, aurten, ekainaren 15etik 26ra bitartean jasoko dituzte laginak idazkaritzan.
Literatura unibertsala euskaratzeko deialdia antolatu du EIZIE elkarteak eta adierazi duenez, aurten ekainaren 15etik 26ra bitartean jasoko dituzte laginak idazkaritzan.
Hala, ekimenean parte hartu nahi dutenak itzultzaile profesionalak zein hasi berriak izan daitezke. Gaiak berriz, honakoak izango dira: Kate Chopin, The Awakening; Maryse Condé, Le cœur à rire et à pleurer: Contes vraies de mon enfance; Edna O’Brien, The Country Girls eta Tayeb Salih, Mausim al-hijra ila ax-xamal.
Lanak lau kopiatan eta ezizen batekin aurkeztu beharko dira. Horrekin batera, gutun-azal itxi baten barruan, itzultzailearen datuak adierazi beharko dira, eta ezizen bera errepikatu gutun-azalean. Obra baterako baino gehiagorako laginak aurkeztekotan berriz, bakoitzari bere ezizen eta gutun-azal itxia erantsi beharko zaio.
Itzulpenen bat obraren jatorrizko hizkuntzatik egin ez bada, gutxienez bi sorburu-hizkuntza erabili beharko dira, eta horiei dagozkien orrialdeen fotokopiak aurkeztu. Nolanahi ere, jatorrizko hizkuntzatik itzultzea hobetsiko dela adierazi dute antolatzaileek.
Proiektuak aurkezteko epea ekainaren 26an amaituko da eta EIZIE elkartearen egoitzan aurkeztu beharko dira.
Epaimahaiari dagokionez, hiru lagunek osatuko dute, jasotako itzulpenak aztertu eta esleipena egiteko. Itzulpengintzaren munduan aitorturiko gaitasuna eta prestigioa duen pertsona bana izendatuko dute Eusko Jaurlaritzak, itzulpenok argitaratuko dituzten argitaletxeek, eta EIZIEk. Elkarteak gainera, idazkari bat izendatuko du, hizpiderik eta botorik gabe arituko dena.
EIZIE elkartearen webguneko albistegiaren bidez jakinaraziko da epaimahaiaren erabakiaren berri.
Parte hartzeko informazio guztia hemen.